Euskaraz eta euskararekin dibertitzeko lehiaketa da Euskararen Ginkana eta 2013an hirugarren urtez antolatu du Ekoguneak Euskaltzaleen Topagunearekin batera. Hirugarren edizio honetan gai nagusia Hizkuntza aniztasuna izan da eta lehen aldiz, taldeka lehiatu ahal izan da.
Finalean 3.000 euro daude jokoan. Ginkanan izen eman zuten taldeek sei proba gainditu behar izan dituztela azaltzen du Jokin Ayerregaraik. “Proba pare batean galdera jakin batzuen erantzunak bilatu behar izan genituen, beste proba batean euskara eta beste lau hizkuntza gehiago hitz egiten zekiten pertsonak topatu eta hauek hizkuntza ezberdin horiek hitz egiten grabatu behar izan genituen“.
Beste proba batean hizkuntza aniztasuna edo kultur artekotasuna oinarri eta euskara bitarteko duen adierazpen kultural bat topatu eta hau aurkeztu behar izan zuten. “Beste batean herrian zehar “Kaixo“ hitza 20 hizkuntza ezberdinetan jarri behar genuen eta honen argazkiak bidali“. Azkenekoan berriz, “lehiaketara aurkeztutako beste taldeen artean 3, 2 eta puntu 1 banatu behar izan genituen“.
Finala bihar
Proba guztietan lortutako puntuak batu eta lau finalisten artean sailkatu da Dinbi Banda, hain zuzen ere, Onddo Beltza, Atarrabiako Karrikaluze euskara elkarteko taldea; Algortako Bertso Eskola eta Igandeak jai, Gasteizko GEU elkarteko taldeekin batera. Taldeek ez dute zenbat puntu lortu dituzten jakin. Larunbatean final handian ere proba ezberdinak egin beharko dituzte eta hauek gidatzearen ardura Ilaski Serrano aurkezlearena izango da. Finala 12:00etatik 14:00etara izango da Donostiako San Telmo Museoan eta talde guztia ordezkatuz, batukadako seik egingo dituzte probak.