Taxio Arrizabalaga gazteria, kirola eta festak zinegotziak aurkeztu du Alaitz Mendizabal parte-hartze zinegotziarekin eta Xabier Goitia eta Rosa Illarramendi teknikariekin batera San Pedro Jaiak antolatzeko “Jaietan Blai” prozesua.
2012an egin zen hau lehenengo aldiz eta zinegotziak oso positiboki baloratu ditu orain artekoak “herritarrekin batera antolatu direlako festak”. Hala ere, bilera horietan parte hartutako elkarte eta herritarren balorazioan, bilera kopurua gehiegi zela aipatuta, aurtengoan prozesua aldatzea erabaki dutela azaldu du.
“Aurtengo jaiak antolatzeko soilik bi bilera egingo dira, lehenengoa datorren asteartean, urtarrilak 28, 18:30ean Udaletxe berriko hallean”. Honetan helburua izango da “nolako jaiak nahi ditugun definituko dugu. Horretarako aurreko urteetako egitaraua hartuko dugu oinarri, bertako ekintzak eta hauek festarako suposatu zutena aztertu eta baloratuz. Hortik abiatuta, ekintzak positiboki baloratzen diren, aldaketaren bat behar duten, ezabatu eta zerbait berria planteatu behar den,… erabakiko dugu”. Bigarrenean berriz, “proposamen zehatzen gainean lan egingo da”. Bigarren hau otsailean zehar egingo dela aurreratu du zinegotziak.
Herriko jaiak antolatzea lan handia dela azaldu du Arrizabalagak eta bere sailarentzat hilabete askotako lana suposatzen duela.
Herritar eta elkarte guztiei gonbidapena
San Pedro jaiak adin guztietako pertsona orok gozatzen ditu, bakoitzak bere modura. “Hori dela eta mundu guztiak esateko eta proposatzeko asko du, bakoitzak bere bizipen, esperientzia eta egunerokotasunetik”.
Horregatik herritar oro gonbidatu nahi du udalak topaketetan parte hartzera, “herritarren iritzi eta ikuspegi global batetatik festa parte hartzaile eta anitz batzuk sortzeko”.
Herriko elkarteen parte hartzea ezinbestekoa dela azaldu du zinegotziak “bai festetan ekintzak antolatu ohi dituztenena eta baita gainontzekoena ere. Guztiei gutun bat helarazi bazaie ere, aukera honetaz probestu nahiko genuke hauei ere gonbita luzatzeko”.