011n agertu zen marka. Equoren Euskadiko taldeak lehen batzarra iazko urrian egin zuen. Talde "heterogeneoa" da Equo Iglesiasen hitzetan. Lasarte-Orian proiektu berri bat abiatu nahian dabiltzala esan du.
Zein alorretan egiten du lan Equok?
Jende gehiena mugimendu sozialetatik dator. Ekologia politikoa ideologia berria da, 60ko hamarkadan definitu zena.
Hiru ardatz nagusi dauzkagu: enplegu berdea eta ekonomia jasangarria batetik, ingurumena eta garapen jasangarria bestetik, eta demokrazia parte-hartzailea azkenik.
Ardatz horien inguruan beste alor batzuk ere defendatzen ditugu: deshazkundea, animalien eskubideen defentsa, ekofeminismoa...
Lasarte-Orian zein gabezia ikusten dituzue? Zein dira zuen erronkak epe laburrera?
Udalak gauza batzuk ondo egiten ditu, hiru alderdiren arteko elkarlana lan konplexua den arren, hainbat proiektu aurrera atera dituztela ikusi dugu. Herrian nahiko arrakasta dutela dirudi.
Puntu beltza lanarena da. Udaletxeak dio ez duela konpetentzia zuzenik horretan, baina posible da gauzak egitea. Guk aurkeztu genuen erkidego mailako programan 80.000 lanpostu sortzen zituen ikerketa bat argitara atera genuen. Nola? ekonomia berdearen bitartez: energia berriztagarriak, garraio jasangarria, eraikuntza zaharren birmoldaketan...
Herrian bertan enpresen "negutegi" bat sortzea proposatzen dugu. Lokalak egon badaude eta gazteentzat proiektu berriak eta berritzaileak ateratzea ideia ona dela uste dugu, co-working moduko bat. Nekazaritzaren alorrean pausu bat gehiago ematea ere ez legoke gaizki.
Oso ondo dago parte-harztea bultatzea. Equok badu horretan esperientzia.
Erraustegia ez da egingo. Nola baloratzen duzue erabaki hori?
Erraustegia gelditzea sekulako berri ona da. Ez da bakarrik alderdi politiko jakin baten lorpena. Jende guztiaren lorpena da. Gizartearena. Pena bakarra beste alderdi batzuek bere garaian hartutako konpromisoengatik ordaindu beharreko dirutza da.
Atez atekoaren alde dago beraz Equo?
Informazio falta izugarria dagoela uste dugu. Nahiz eta ez gauden erraustegiaren alde, atez atekoa ere ez da bidea.
Bidea integrala da. Zaborraren osotasunetik, etxeetan sortutakoa %10 bakarrik da, industriak sortzen du zabor gehien.
Kontsumo aldetik ere hausnarketa egin beharra dago. Zergatik erosi behar ditut magdalena batzuk bi aldiz forratuta? Guk erabiltzen ditugu, baina ez da "gure" zaborra.
Arazo handiena materia organikoarekin ikusten dugu. Konposta guneak herrian jartzea adibidez primeran iruditzen zaigu.
Usurbil esaterako oso eredu ona da. Alderdi guztiek parte-hartu zuten eztabaidan. Bestalde, Bergarakoak edo Legazpikoak arazo handiak ematen ditu. Betikoa, eztabaida dago, herriari bota eta honekin zaude edo beste harekin zaude.
Uste dugu eztabaida ez dela 5 edukiontzien sistema edo atez atekoa. Tartean badaude alternatibak. Esaterako, erretorna sistema oso ona iruditzen zaigu. Aspaldian egiten genuen bezala, kristal botila bat erosi, bukatzean itzuli eta bueltatzean dirua jaso. Pentsa Gipuzkoan sagardo botilekin zenbat birziklatuko genukeen.
Erabakitzeko eskubidearen alde dago Equo?
Bai. Noski baietz, autodeterminazioa eskubide bat da guztientzat. Baina ekologia politikotik ez dugu ulertzen estatu-nazio sistema edo konbo hau. Europearrak gara. Beste Europa bat nahi dugu. Beraz, erabakitzeko eskubidea ez dugu ulertzen, baina onartzen dugu.
Ideologia berria da gurea. Eskuina, ezkerra, abertzaletasuna... Denak XVIII. mendekoak dira.
Tartalariak, desobedientzia zibila, Herri Harresia... Nola ikusten dituzue ekimen baketsu hauek? Bidea egiten ari direla dirudi.
Konpartitzen dugu protesta mota hori. Sinesten dugu horretan. Gizarte gaiak eraldatzeko balio dutela uste dugu, etxegabetzeen kasuan esaterako.
Europan indartsu ageri dira alderdi berdeak. Estatu mailan apal samar.
Tradizio eta ibilbide falta argia erakusten du horrek. Gure demokraziak zenbat urte dituen eta nolako trantsizioa izan genuen ere kontutan hartu behar da. Informazio falta izugarria dago.
Krisi ekonomiko, ekologiko eta politiko batean bizi garela irakurri dut zuen afixaren batean. Planteamendu ezkorra da.
Bada. Ezkorrak, baina lanean jarraitzen dugu. Azken finean sinesten dugu egiten dugun horretan.
Gainera, gure lan egiteko modua berezia da. Ez dugu mailegurik eskatzen. Hauteskunde kanpaina guztia internet bidezko mikrodonazioen bidez finantzatzen dugu. Guztira 25.000 euro gastatu genituen autonomikoetarako.
Ia-ia Eusko Legebiltzarrean muturra sartu zenuten hauteskunde autonomikoetan...
700 bozka bakarrik falta izan zitzaizkigun Araban ordezkaria lortzeko. Pena izan zen.
Noiz izango du Equok hautagaitza zerrenda Lasarte-Orian?
Aurkezteko asmoa badago. Aurretik ordea, ikusi behar Euskadi mailan zenbat jende daukagun. Errekurtsoak nola eta non gastatzea garrantzitsua da guretzat.
Ideia badago. Udal-asanblada egitea gustatuko litzaidake. Osatzeko bost kide behar ditugu. Dagoeneko hamar bat edo izango gara. Osatze-deialdi bat egiteko asmoa daukagu. Baina oraindik ez dakigu noiz.
Txakur kaken ordenantzak ere saltsa eragin du.
Arazo bat badago txakurrekin. Nik txakurra daukat eta ezin dut edozein lekutan solte utzi. Auzotarrek esaten dute arazoa dutela, badago eta erreala da. Udaletxeak normatiba eta debekua jarri du horren aurrean. Tximistarreta, Froilan Elespe parkean eta Udal atzeko parkean debekaturik dago txakurrekin ibiltzea. Baina gure ustez hori ez da bidea.
Txakurrentzako parke bat jartzea proposatzen dugu, itxia, kontrolatua egongo dena. Guk mantentzeko modukoa, erabiltzaileen kontrolarekin. Txikikeria dirudi, baina egunerokoan traba da. Konponbideren bat bilatu behar diogu. Normatiba aldatu dute eta atal oso interesgarriak ditu, animalien tratu txarren inguruan esaterako aurrerapausoak eman dira, baina kakena errealitatea da.
Kezkatzen al zaitu zerbaitek bereziki?
Badirudi txoriez eta zuhaitzez soilik arduratzen garela, baina ez da hori bakarrik. Komunikabideek soilik halako prentsa oharrak argitaratzen dizkigutelako daukagu fama hori.
Gure programak 400 bat orri ditu, eztabaida bidez osatua, dena interneten dago.
Lasarte-Orian Gipuzkoa maila dagoen langabezia-tasa altuenetakoa edukita, zentzu horretan herri mailan zer edo zer egitea gustatuko litzaidake.