Autobus zaintzaileen greba nabari herrian

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urtarrilaren 21a

Erkidego mailan eskola umeak autobusean eta jolastokian zaintzen aritzen diren begiraleak greba egiten ari dira lan hitzarmenaren alde. Abenduaren 3 eta 5ean egin zituzten lehenengo lan uzteak eta enpresarekin akordiora iritsi ezean, urtarrilaren 27tik aurrera greba mugagabera joko dute. Herrian, Landaberriko guraso batzuk adibidez antolatu egin dira umeak oinez hipodromoko zubitik eramateko.

Erkidego mailan eskola umeak autobusean eta jolastokian zaintzen aritzen diren begiraleak greba egiten ari dira lan hitzarmenaren alde. Abenduaren 3 eta 5ean egin zituzten lehenengo lan uzteak eta enpresarekin akordiora iritsi ezean, urtarrilaren 27tik aurrera greba mugagabera joko dute.

Atzoko eta gaurko egunak ere greba eguna dituzte. Herriko ikastetxeei galdetuta, batez ere Landaberrik nabaritu ditu lan uzte hauek. Ikasketa buruak adierazi moduan, 400 ume mugitzen dira egunero autobusean “eta greba egun hauetan kotxez edo oinez ekarri behar dituzte gurasoek eskolara”.

Landaberrira igotzeko auto ilara luzeak sortu ziren abenduan eta aurreko astean eta egun hauetako deialdiarekin arduratuta, ikastetxeak Donostiako udaltzainen presentzia eskatu zuen. “Bertan egon dira trafikoa antolatzen eta horrek lagundu du egoera arintzen”.

Horretaz gain, guraso elkarteak sustatuta, guraso batzuek herriko hainbat lekutan umeak jaso eta oinez igotzen dituzte ikastetxera. “Ekimena guraso askok eskertu dute lana dela eta zailtasunak zituztelako umeak ekartzeko”. Guztira zentroan bederatzi zaintzailek egiten dute lan “horietako bat Jaurlaritzako langilea da, ez da Clece enpresakoa eta berak ez du grebarik egin” azaldu du ikasketa buruak.

Sasoeta

Sasoetaren kasuan, bi zaintzaile daude bertan lanean eta hauen grebak autobusean soilik nabaritu da. “Eskolatik gurasoei grebaren berri eman dugu eta oinez zein kotxetan ekarri dituzte haurrak eskolara”. Arazo aipagarririk ez dela izan azpimarratu du ikasketa buruak ere.

Bihar ere egingo dute lanuztea eta, akordiorik ezean, urtarrilaren 27tik aurrera greba mugagabea izango dela iragarri dute langile eta sindikatuek. Sektoreko enpresekin egin zen azken bileran ez zen akordiorik lortu. Langileen eskakizuna da soldatak parekatzea sektore publikoko kategoria baliokidearekin, eskola-jantokietan bezala, eta baita lan-erreformatik blindatzea ere.

Jasone Larrarte langileak adierazi moduan, 2009ko hitzarmena dute egun eta “urtetik urtera Jaurlaritzak enpresari igoera bat aplikatu dio, diru gehiago eman dio baina langileen soldatetan ez da halakorik egon”.

Egoera zaila dela dio Larrartek, “Erkidegoan guztira 500 langile gara soilik, gehienak emakumeak eta ordu gutxiko kontratuak izaki, ahul ikusten gaituzte”. Euren aldarrikapenekin eskoletako gurasoen elkartasuna jaso nahiko lukete “zerbitzu faltagatik gurasoek salaketak edota kexuak jartzen badituzte, Jaurlaritza presionatuta sentituko da behintzat langile eta enpresen arteko bileretan aktiboki parte hartzeko irtenbide bila.”

Orain arte ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitutako greba deialdien jarraipena ona izan dela diote sindikatuek “%90ko jarraipena Bizkaian, %65koa Gipuzkoan eta %55koa Araban”.