"Gure esku dago“ erabakitzeko eskubidearen alde martxan dagoen dinamika da.
Azaroan Angel Oiarbidek ekimenaren sustatzaileetako bat honen berri eman zuen Villa Mirentxun. Bertan hainbat herritar animatu zituzten lan taldea osatzera eta horrela elkartu dira Gorka Lasa, Enara Ieregi, Oihana Beltran eta Maria Mungia. Eskualdean sortu diren beste taldeekin harremana dute eta Gipuzkoa mailako guztiekin bilerak hilabetero egiten dituzte Tolosan.
Taldeak labur azaldu du dinamika. “Gure Esku dago“ mugimendu apolitikoa da eta herritarren parte hartzean oinarritzen da“. Horregatik honetan pentsaera politiko guztietako herritarrak deitzen dituzte.
“Aldarrikatzen dugu eskubidea dugula gure etorkizuna herri gisa erabakitzeko, guri, herritarroi dagokigula erabakia hartzea“.
Aldarrikapen horren irudikapena da aurten dinamikaren ekintza nagusia izango dena. Ekainaren 8an Durangotik Iruñeara giza katea egingo da.
666 lagun
123 km. dira guztira eta “Lasarte-Oriak gonbidapena dauka bi kilometro osatzeko, Usurbilekin batera elkarbanatu beharrekoak dira eta guztira 666 lagun lotu behar ditugu“.
Lasarte-Oriaren bi kilometroak giza katearen 89 eta 90 kilometroak dira eta Iruñeatik 30 km-ra daude kokatuta. Egun horretarako autobusak antolatuko direla aurreratu du taldeak.
“Lan taldea arduratuko da egun horretarako autobusak eta beharrezkoak diren guztiak antolatzeaz baina eguna gerturatu ahala emango dugu horren inguruko informazioa“.
Giza katea guztira 50.000 lagunekin osatuko da “baina kopuru hori minimoa da, erronka 100.000 pertsonen parte hartzea lortzea da“.
Hortik gorako atxikimendua lortzea “handia litzateke, gu baikorrak gara zentzu horretan eta herritik, Usurbilekin batera osatu behar dugunez gainera, espero beharrezkoak diren 666 horiek baino gehiago animatzea“.
Herrian ekintzak
Herrian lan talde “txikia baino langilea gara“ martxan dira dagoeneko baina taldea irekia dela azaltzen dute eta “jendea laguntzeko prest baldin badago animatzen dugu taldearen parte izatera“.
Dinamika eta bereziki ekaineko giza katea ezagutzera emateko, herrian hainbat ekintza antolatzea da taldearen ardura. Horrela lehenengoa ostegunean egindako pintxo-pote berezia izan zen. “Herritarren atxikimendua lor-tzen hasteko lehen ekintza“.
Pintxo-potea egin zen, trikitixa eta pandero doinuekin eta Ane Labaka, Unai Muñoa, Zigor Iriondo eta Amaia Agirre bertsolariekin Okendo plazatik abiatuta.
Herritarrei gai jartzaile lana eskaini zitzaien eta gogotsu egin zuten. Bi euroren truke bertsoa eta “Gure Esku dago“ zapia izan zuten ordainean. Antolatzaileak pozik azaldu ziren lehenengo ekintzak izandako harrerarekin “otsailaren 15eko astean horrelako beste pintxo-pote bat egitea pentsatzen ari gara. Jende asko geratu zen eskatutako bertsoa gabe denbora faltagatik“.
Gainontzean taldearen aurkezpen ofiziala ostiralean, urtarrilak 24ean, 19:00etan Villa Mirentxun egingo da. “Herriko elkarte guztiei iritsiko zaie gonbidapena bertan egoteko eta hemendik, herritar guztiak animatzen ditugu honetara gerturatzeko“.
Festa
Herriko taldearen ekintza nagusietako bat otsailaren 15ean egingo da.
“Gasteiztik dagoeneko dinamika eta giza katearen berri herriz herri emateko hiru furgoneta abiatu dira eta horietako bat Lasarte-Oriara aste horretan etorriko da“.
Aitzakia horrekin festa egingo da otsailaren 15ean. “Bideo bat grabatu nahi dugu herritarren parte hartzearekin eta jaia, jana, edana eta erromeria izango dira Okendo plazan“.
Egun horretan ofizialki irekiko dira zerrendak giza katean parte hartu nahi dutenek izena emateko.
“Apuntatzen diren herritarrek txapa bat jasoko dute, horrek adieraziko die giza katean bete beharko duten posizioa. Herritarrei konpromisoa eskatzen zaie ekainaren 8an hutsik ez egiteko horregatik, norberaren lekua aldez aurretik ematearena“ argitzen du Beltranek.
Bost euro ordainduko dira ere giza katearen egunean emango den kit-a eskuratzeko.
Apirilak 5
Apirilaren 5ean lehenengo zerrenda hauek itxiko dira eta “ordurako 50.000 lagunak izan beharko genituzke. Hori ikusita 100.000 pertsona bil-tzearen erronkari ekingo litzaioke“.
Zerrendak herri guztietan zabalduko lirateke berriz.
Taldeak lasarteoriatarrak animatzen ditu antolatzen diren ekintzetan parte hartzera, bereziki giza katean. “Herria martxan jarri nahi dugu“.
Informazio gehiago eskuratu edo zalantzak argitzeko, Facebook kontua zabaldu dute eta herritarrek bertara jo dezakete.
“Gure ustetan garaia iritsi da denak eskutik helduta aurrera egiteko“.