Kibubu, askatasuna amets zuen gorila

jon-altuna-egitegi 2014ko urt. 19a, 11:51

Keinuek askotan hitzek baino emozio eta sentipen gehiago transmititu ditzaketela frogatu zuten larunbat arratsaldean "Kibubu" antzerkia ikustera joan ziren dozenaka herritarrek, tartean, haur askok.

Kaiola batean girotutako antzerkia izan zen, barnean Kibubu gorila bizi zen, Coco eta Xebas pailazoen aginduei men eginez. Pailazoak euren zirko ikuskizunerako hainbat ariketa irakatsi nahi zizkioten gorila basatiari. Baina Kibubuk gainezka egin eta Xebas erasotu zuen, honek tratu txarrak ematen zizkiolako. Ez zegoen gorilaren indarra bortxaz gelditzerik. Bere onetik aterata zegoen gajoa, orru ozenak eginez. Baina jakina da indarrak gelditu ezin izaten duena, askotan, musikak eta goxotasunak gelditu dezaketela. Bada, horixe egin zuen Cocok bere akordeoiari doinu goxoak ateraz. Dena den, zaintzaileen maitasuna berreskuratu arren, preso jarraitzen zuen Kibubuk, kaiola hotzetik atera ezinda. Eta lotuta dagoenak aukera, eskubide edo amets askatzea duenez, kaiolako paretan zuloa eginda oihanera egin zuen ihes gorila handiak. Finean, hitzik gabeko eta keinu bidezko antzerki honen funtsa gizakiok eta animaliok batzen gaituena banantzen gaituena baino gehiago dela erakustea zen.