Norgehiagoka serioa jokatu zuten urdin-beltzek larunbat arratsaldean udal-kiroldegian. Defentsan sendo eta saskiari begira fin: "Añorgak zonan defenditu du eta arpobetxatu egin dugu hori lehen zatian hiru hiruko sartzeko, min egin diegu alor horretan", esan du Ander Otaegi prestatzaileak partida amaituta.
Partiduaren lehen erdian egindako lan ona markagailuan ere islatuta geratu zen. Zortzi puntuko aldearekin iritsi ziren atsedenaldira Ostadarreko neskak.
"Bigarren zatiko uneren batean 20 puntuko errenta ere izan dugu. Haiek zonakako defentsa egiteari uztean, gu erosoago sentitu gara eta puntu asko sakiratu ditugu, ideiak argi genituen", adierazi du Otaegik.
Hortik aurrera, lortutako errenta kudeatuta, Añorgari gehiegi hurbiltzen ez uztea izan dute xede Bermudez eta Otaegiren neskek.
Aipagarria Haizea del Olmok jokatutako partida puska saskipean 28 puntu sartu zituen herritarrak.
Itxura ederra hartu zuten udal-kiroldegiko harmailek, jendetza bildu baitzen Ostadar eta Añorgaren arteko partida ikustera.
Mendeku gosez
Nolabaiteko errebantxa kutsua ere bazuen partidak. Iaz Gipuzkoako txapelketako finala bi talde hauexek jokatu zuten, baina Añorgak irabazi zuen partida hura.
Asteburuan mendekua hartu dute ordea Ostadarreko neskek. Añorgak ligan galdu dituen bi partidak Ostadarren aurka jokatutakoak izan dira.
Dena den, izatez, partida zaila zen. Sailkapeneko lehenengoa eta bigarrena aurrez aurre aritu baitziren. Baina 66-54ko azken emaitzak argi erakusten du ordea gaur-gaurkoz etxekoak añorgarrak baino hobeak direla.
Garaipen honek goiko-fasean aritzeko txartela eman die, probintziako talderik onenen aurka jokatzeko txartela alegia: "Ea bertan finkatzen garen, talde txukuna osatu dugu plantilla motza izan arren, baina lehiakorrak gara", esan du Otaegik.
Izan ere, zazpi jokalari soilik edukita lortu dutena balentriatzat defini daiteke.
Gainera, fase berri honetan erabakiko da zein talde mantenduko diren 2. mailan eta zein talde igoko diren 1. mailara. Beraz, orain arteko bidea jarraitzea komeni.
Ostadarreko neskek ez diote igoeraren aukerari aterik itxi nahi eta hurrengo urtean Gipuzkoako talde onenak Lasarte-Orian ikusi ahal izateko egingo dute borroka. Lana, horixe da sekretua.
Jubenilek atsedena
Hurrengo asteburuan, berriz, jubenilek jokatuko dute ligako azken jardunaldia.
Aste honetan deskatsatu ostean, azken sailkatuaren aurka, SUMM aldapetaren aurka lehiatuko dira. Oraingoz, hirugarren postuan daude urdin-beltzak.
Bestalde, Landaberri kadeteek partehartzeko lehen fasea amaitu dute eta ez dute aukerarik izango aurrera egiteko.