Hamabost urte dituen lasarteoriatar gaztea dugu Iñigo Altuna. Txirrindularitza txiki txikitatik bizi izan du etxean eta herritarrei kirol hau probatzeko gonbita egiten die, “futbolaz aparte beste kirol batzuk baitaude”. Aurten ziklo-kros denboraldiari amaiera ederra eman dio, Euskadiko Selekzioarekin Segorben antolatu zen Espainiako txapelketan izan zen lehian.
Denboraldi gogorra izan duzue?
Denboraldia urriak 13an hasi ginen eta orain bi lasterketa geratzen zaizkigu. Bata Frantzian Gipuzkoako selekzioarekin eta bestea Euskadi mailako azken txapelketa Izpasterren.
Ez da denboraldi oso ona izan. Entrenatzailea hil zitzaigun eta ondorioz emaitzak kaxkarragoak izan dira. Baina laguntzarekin taldea, taldekideak, gurasoak, lagunak lortu dut denboraldiari buelta ematea eta txapelketa garrantzi-tsuenetan ongi ibiltzea. Bigarren postua lortu nuen Araban duela bi aste, Ormaiztegin laugarren izan nintzen eta Espainiakoetan hamabosgarren. Ea nola joaten diren azken bi lasterketak. Gaizki zihoan denboraldiari buelta eman diogu.
Lasterketak ere gogorrak izan dira...
Denboraldi honetan lasterketa gogorrak izan dira eguraldia dela eta. Ez dira asko izan. Gehienak lehorrak izan dira eta azkarrak. Baina gogorrak izan direnenetan asko kosta izan da aurrera jarrai-tzea lokatz asko, elurra, euria horrek lasterketan ere ondorioa du... Denetara ohitu behar.
Euskal Herrian ez ezik, Espainia mailan ere lehiatu zarete denboraldi honetan...
Bai, Kopa Federazio lehiaketan, Burgos, Kantabria, Asturias,... Valentzian ere izan ginen duela hilabete. Lasterketa hauetan ere hamaikagarren, hamabigarren eta hamabosgarren postuetan ibili nintzen.
Beste lasterketetan zorte txarra izan dut erorikoekin. Gaixorik zoazenean ere kostatzen da eta beste lasterketak gaizki egin nituen.
Aipatu duzun legez, Espainiako txapelketan izan zara lehian Euskadiko selekzioarekin. Zer moduzko esperientzia izan da?
Nire lehen aldia zen, bai Euskadiko selekzioarekin lehiatzen, baita Espainiako txapelketan parte hartzen ere. Esperientzia polita izan da. Bi egun lehena go joan ginen ibilbidea ezagutzera. Castelló-n Segorben izan zen Interneteko bideoetan ikusita oso txarra zela zirudien. Oso lehorra zen, ez zegoen lokatzik eta hemengo korrikalariak ez daude horretara ohituak. Baina aldapa gogorrak zituen eta hori izan zen Euskadiko selekzioak lortu zituen emaitzen zergatia.
Hamabosgarren izan zinen...
Emaitza hori ondo dago. Lehen itzuli txarra egin nuen. Denak batera atera ginen eta kosta egiten zen aurreratzea. Baina ibilbideak zuen gogortasuna zela eta, jendea aurrera-tzen joan ginen. Azkenean hamabosgarren izan nintzen. Lehenengo buelta hobeto egin izan banu, lehen hamarretan sartzeko aukera nuen. Baina lasterketak horrela dira eta horrelako gauzak gertatzen dira.
Ziklo-kros denboraldi amaitu eta errepidea duzue...
Ziklo-krosa errepideko denboraldia prestatzeko da. Martxoan hasiko gara serioago errepidean lanean eta abuztura arte izango gara lanean. Gero atsedena eta maila berrian, jubenilera igotzen naiz, Euskadiko mailako txapelketak egingo ditut bakarrik. Espainiako txapelketetara joatea oso zaila izango da, handiekin izango naizelako. Denboraldi polita eginez gero, aukerak daude. Izan ere, selekzioak lehen urteko pare bat jubenil deitzen ditu. Zaila dago, baina borrokatuko da.
Eta etorkizunean errepidean edo ziklo-krosean aritzeko asmoa duzu?
Errepidea da orain helburu nagusia. Baina errepidean taldeak desagertzen ari dira eta auskalo urte batzuk barru nola dagoen gauza. Bestalde, hemendik aurrera, hau da, jubenil mailatik aurrera, afizionatu mailan talderik aurkitzen ez dudala ikusten badut, ziklo-krosa egiteko asmoa dut. Ziklo-krosa hor dago eta gustatzen zaidan gauza da. Aukera daude ziklo-krosean ongi joateko. Beraz, errepideko aukera gaizki badoa ikusiko dugu.