"Oraindik jostea emakumeen gauza dela uste da"

maider-azurmendi 2014ko urt. 17a, 11:55

Urteetan Ttakunen jantzi tradizionalak egiteko ikastaroak izandako arrakasta ikusita, talde iraunkor bat eratu da, Titare. Jone Artola jostunak gidatuko du honen jarduna. Taldea aurreko astean hasi zen lanean eta gogotsu ekin dio gainera. Jone Artola oso pozik dago taldeak izan duen harrerarekin, hamabost lagun hasi dira eta dagoeneko hainbat erronka dituzte. Hala ere, mutilik ez zaie batu eta hauek animatzen ditu joskintza gertutik ezagutzera. Ostegunetan emakumeen zentroan elkartzen da taldea 15:00etatik 17:00etara.

Jone Artolak 28 urte daramatza josten. Bere eskuetatik mota askotako oihal eta jantziak pasa dira. Hala ere, orain arte egindako lan berezienaz galdetuta ez dauka erantzunik, jantzi polit asko egin dituela dio eta garrantzitsuena egindako lanarekin pozik geratu izana da.

Titare talde sortu berriarekin gogotsu dago eta behin neska gazteak ere gerturatzea lortuta, bere pena bakarra da gizonezkorik ez egotea “kuriosoena da moda diseinatzaile edo sastre famatuenak ia beti gizonak izaten direla”.  

Nolatan jostuna? Nondik datorkizu zaletasuna?
Txikitatik gustatu izan zait jostea. Izebak gaitasuna zeukan eta ni berarekin jartzen nintzen josten. Berak erakusten zidan nola egin eta horrela hasi nintzen. Gero Hernanin atera nuen titulua eta gaur arte. 
Urte batzuetan josten ikasteko akademia ere izan nuen. Bertara etortzen ziren ikasleekin oso giro ona sortzen zen. Patroigintza lantzen genuen eta gauza errazak jostetik zailtasun handiagokoak egitera iristen ginen. Titaren lan egiteko modua bestelakoa da. Diseinua denen artean aukeratu, patroiak nik egiten ditut normalean eta ondoren, denen artean josten dugu.

Zein da egin duzun lanik bereziena?
Niretzako denak dira politak, konponketa soilak ere. Adibidez gaur goizean oparitu zidaten txamarra bat konpontzen bukatu dut. Jantzi eta esan dut, orain bai, horrela nahi nuen. Eta lan bikaina egin dudala iruditu zait. 

Bestalde baserritar jantzi dotoreak egiteaz gain, ezkontza soineko asko ere egin ditut, nirea ere neuk egin nuen. Kasu horietan badirudi emaitzagatik lan bereziagoak direla baina orokorrean, ezingo nuke bat esan. Urte asko dira eta oso gauza politak pasa dira nire eskuetatik.

Titare taldea jantzi tradizionalen ikastaroak izandako arrakastatik sortu da?
Bai, hala da. Ttakunek azken urteetan baserritar jantziak egiteko ikastaroa antolatu du eta urtero-urtero taldea bete egin da. Behin ikastaroa bukatuta, askoren eskaera zen biltzen jarraitzearena eta azkenean, erabaki zen urtarriletik aurrera Titate taldea osatu eta joskintza ikastaro iraunkorra izatea. Ni oso pozik nago.

Ikastaroaren arrakastari dagokionez. Nire ustez lortutako emaitzengatik izan da. Benetan lan politak egin izan ditugu eta jendea oso pozik geratu da beti egindakoarekin. Emaitza eder horiek ikusita, nolabait sortzen jarraitzeko gogoa ematen du. Gainera lanerako oso giro ona sortu da beti eta elkarlana erabatekoa izan da.

Zein izango da Titareren lana?
Herriko elkarteek dituzten beharrak nolabait asetzea da Titaren egin nahi dena. Momentu honetan Olentzero eta Mari Domingirentzat jantzi dotoreak prestatzen hasi gara. Jantziak edota konponketak egingo ditugu. Aldi berean taldeko kideek euren arropa birziklatzeko lantxoak edota arropak ere egin ahal izango dituzte.

Taldean denak emakumeak zarete?
Bai, hori da pena ematen didan bakarra. Nazioartean izena duten diseinatzaile eta sastre ia gehienak gizonezkoak dira. Deigarria da oraindik nola halako taldeak emakumeek soilik betetzen dituzten. 
Hala ere, orain arte josten moldatzen ziren emakumeak izaten ziren ikastarora etortzen zirenak eta hori bai aldatu da. 

Erronka berria daukat Titaren dauden neska gazte batzuekin. Ez dakite ia ezer, lehenengo saioan botoi bat ondo josten ikasi zuten adibidez eta hauen poza izugarria izan zen, baita nirea ere. 
Esan behar da, oso jende gutxik dakiela botoi bat ondo josten. 

Erraza al da josten ikastea?
Ez da zaila eta halako talde batean gainera zailtasun maila kideek markatzen dute nolabait. Lehen esan bezala, ba-tzuek badakite josten eta horiek gauza zailagoak egin ditzakete baina errezak ere egin behar dira beraz, denentzako dago zeregina. Aipatutako gazteen kasuan, ziur nago asko ikasiko dutela saio gutxitan. Momentuz, gogo asko jartzen diote eta hori garrantzitsua da aurrera egiteko. 
Hasi berriaren ilusio hori oso aberasgarria da talde lanean eta behintzat adin guztietako emakumeak biltzea lortu dugu oraingoan. Mutilak besterik ez ditugu behar! 

Gizonezkoek gainera ikuspuntu ezberdin bat izaten dute eta oso aberasgarria izango litzatekeela esango nuke. Taldea irekia da beraz, gogoa daukan gizon zein emakumeak gerturatzea dauka.

Oraindik joskintza emakumeen lana al da?
Bai, nik uste dut oraindik hori barneratuta dagoela eta jostearena emakumearekin lotzen da beti. Aldatzen joan behar dela uste dut eta edonorentzat josten jakitea gauza ederra dela iruditzen zait.

Esaten dute telesail baten eraginez modan dagoela berriz joskintza. Horrela dela uste duzu?
Bai, hori diote. “El tiempo entre costuras” liburuan oinarritutako telesaila da. Nik irakurrita daukat liburua eta esan behar dut ez dela guztiz erreala kontatzen dena. Askotan galdetzen nion nire buruari ea idazleak josten dakien. 

Istorioan, protagonistak soineko ederrak egiten ditu gau oso batean lan eginda. Nik gau asko eman ditut lanean eta oso zaila da, ia ezinezkoa, egun bakar batean deskribatzen diren soinekoak bezalakoak hasi eta bukatzea.

Jostea lan nekeza da, ordu asko behar dira eta ez da beti azaltzen den bezain polita, perfektua. Agian modan egon daiteke josten ikastearena baina nik uste dut krisiak eragin handiagoa duela joera honetan. Telebistak baino gehiago behintzat bai.

Krisia dela eta jendeak arropak konpontzen dituela uste duzu?
Noski. Etxe askotan ezin da lehen edo garai oparoetan  bezain beste arropa erosi eta jendeak duena berrerabili behar du edo konpondu. Josteko makina denda batean niri ere esan didate salmentek gora egin dutela, baina azken urte hauetako joera omen da eta ez azken hilabetetakoa hedabideetan duela ez hainbeste entzun dugun bezala. Agian telebistaren eraginez, gazteei piztu dakieke josten ikasteko gogoa baina uste dut egoera ekonomikoak duela eragin gehiago.