Inauterietarako laguntza eta prestaketak

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urtarrilaren 17a

Inauteriak martxoaren 1 eta 2-ko asteburuan izango dira Lasarte-Orian eta jaia presta-tzen hasteko garaia iritsi da. Hau dela eta herriko elkarte eta taldeekin jaiaren antolaketarako lehenengo bilera egin zuen bart Udalak Manuel Lekuonan.  Hilabete batzuk dira herritarrek udaleko ordezkariekin batera Inauterietako gaia musika izango zela erabaki zutela. Atzokoan eguna beraren egitaraua diseinatzen hasi ziren. 

Diru-laguntzak 

Udalak bere aldetik diru-laguntzak atera ditu talde eta konpartsentzat. Egoitza Lasarte-Orian duten pertsona fisiko eta juridiko publiko nahiz pribatuak izan ahalko dira laguntzen onuradun, betiere interes orokorreko jardueraren bat egiten badute Inauteri Jaien esparruan. Emango diren diru-lagun-tzen gehienezko zenbatekoa aurrekontuetan zehaztuko da baina diru-laguntza bakoitzaren banakako zenbatekoak ezingo du gainditu bi mila eurotako kopurua, ez eta entitateak eskatutako kopurua ere.

Eskaera egiteko, diru-laguntzen eskatzaileen erregistro orokorrean alta eman beharko da. Horretaz gain, diru-laguntzarako eskabidea behar bezala osatu, inauterietan egingo den programaren edo jardueraren deskribapen zehatza eta diru-sarreren eta gastuen aurrekontua eta desfileen kasuan, proposatzen den ibilbidea zehaztu beharko dira. Dena dela, aurkeztutako dokumentazioaz gain, udalak beharrezkoa jotzen duen informazio osagarria eskatu ahalko die taldeei aurkeztutako jarduera edo programa hobeto baloratzeko xedez. 

Eskabideak Lasarte-Oriako Udalaren Erregistro Orokorrean 2014ko urtarrilaren 20tik otsailaren 7ra bitarteko epean aurkeztu beharko dira. Udalak aurkeztutako egitasmoen puntuaketa egiteko garaian, kontutan hartuko du taldean izango den parte-hartzaile kopurua, festetarako programak edo jarduerak aurretik egina duen ibilbidea eta herrian duen errotze-maila, baita programaren koordinazioa eta aurrekontua  ere, besteak beste.