Urtarrilean bete betean gauden honetan, ez zait iruditzen aldapak aipatzea lekuz kanpo dagoenik. Sasoi batean hitzetik hortzera erabil-tzen genuen urtarrileko aldapa baina azken aldian gutxiago. Bateren batek pentsa lezake seinale ona dela hori, lehen malda gora zena ordeka bihurtu denaren seinale. Bai zera! Gertatzen da urteak daramatzagula krisi madarikatu baten liseriketan eta lehen urtarrileko aldapa zena orain urte osoko ezina dela. Ezta uztaileko tourrean ere hainbeste horma! Hala ere, eta txirrindularitza bidenabar aipatu dudanez, ametitu beharra daukat maldarik malda ibiliz ohitu egiten dela gorputza ahalegin horretara. Pedalei emanez bezala, berdin beste edozein kiroletan: gorputza jarri egiten da zailtasunera. Eta errezeloa daukat hori ari zaigula gertatzen garai zail hauetan, itsu itsuan aurrera egiten ari garela, mandoek egiten duten moduan. Baita, urtarrilik zailenean ere, Athleticek derbia galdu duen urte hasiera goibel honetan alegia. Iri-tsiko da igotzen ari garen bidea jaisteko unea. Horren zain jarrita gaude batzuk.