Pintxo-pote berezia izan da gaurkoa. Gure Esku dago dinamika ezagutzera emateko herrian sortu den lantaldeak musika eta bertsoekin girotu nahi izan du ostegun arratsaldea.
Taldeak ezagutzera eman nahi du ekainaren 8rako prestatzen ari diren ekintza, Durango eta Iruñea batuko duen giza katea hain zuzen, eta horretarako datozen hilabeteetan herrian hainbat ekimen antolatuko dituztela ere aurreratu dute.
Gure esku dago Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika da. Euskaldunon erabakitzearen eskubidearen alde herri aktibazioa eta atxikimendua lortzea duena hasierako helburu.
Atxikimendua
Hain zuzen ere, herritarren atxikimendu hori lortzen hasteko lehen ekintza izan da gaurkoa. Pintxo-poteari ekiteko, trikitixa eta pandero doinuekin eta Ane Labaka, Unai Muñoa, Zigor Iriondo eta Amaia Agirre bertsolariekin abiatu dira Okendo plazatik bertan taldeak egindako deialdiari erantzuna eman nahi izan dioten herritarrekin batera.
Herritarrei gai jartzaile lana eskaini zaie eta gogotsu ekin diote. Bi euroren truke bertsoa eta Gure esku dago zapia izan dute ordainean.
Lasarte-Oriak giza katean bi kilometro osatu behar ditu eta ekainaren 8rako, herriko lan taldearen erronka datozen hilabeteetan 666 herritar lotzea izango da.