Jone Vazquez Distantzia Luzeko Euskal Herriko txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urtarrilaren 15a

Buruntzaldea IKT-ko igerilariak lan eta lan dabiltza eta honek bere fruituak ematen ditu. Lehengo igandean Jone Vazquez infantil mailako EH-ko Distantzia Luzeko Txapelketan urrea eskuratu zuen. Iñigo Ibarburu, berriz, otsailean Komunitate arteko Espainiako Txapelketan izango da Euskadiko Selekzioarekin.

Igande goizean, Euskal Herriko Distantzia Luzeko Txapelketa ospatu zen Getxon. Buruntzaldea IKT-ko Jone Vazquez 2000m libre proban izan zen lehian eta infantil mailako urrezko domina eskuratu zuen.

“Iaz egin zuen proba hau Jonek lehendabizikoz eta bigarren aldi honetan ere bikain aritu zen,” adierazi digu Borja Apeztegia entrenatzaileak.

Jonek urrezko domina eskuratu zuen 27:09"99 markarekin. Era honetara, aurreko urteko marka 24 segundotan hobetu eta gainera, pasean bere 1500eko marka onena berdintzea ere lortu zuen, “iaz baino forma egoera hobean dagoela erakutsiz”. 

Entrenatzaileak aipatu digunez, “ranking-a atera arte itxaron beharko dugu, Distantzia Luzeko Espainiako Txapelketan lehiatzeko aukerarik izango ote duen jakiteko”.

Ibarburu Euskadiko selekziora

Bestalde, Buruntzaldea IKT-ko Iñigo Ibarburu Komunitate arteko Espainiako Txapelketarako Euskadiko Selekzioarekin lehiatzeko aukeratua izan da. Txapelketa otsailaren 1 eta 2an ospatuko da Madrilen.

Euskal Federazioak Buruntzaldea IKT-ri aurreratu dionez, Iñigok bakarkako hiru probatan hartuko du parte: 100 eta 200 m. libre proban eta 100 m. tximeleta proban. Horietaz gain, “litekeena da 4x100 m. libre, 4x200 m. libre eta 4x100 m. estiloak erreleboetan ere parte hartzea”.