Aurreko asteko polizia operazioa gaitzetsi du udalbatzarrak

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urtarrilaren 14a

Ohiko udalbatzarra izan da gaur arratsaldean. Alderdiek eztabaidatzeko zituzten hiru gaiak onartu dira. Aipatzekoa da aurreko asteko polizia operazioa gaitzetsi dutela EAJ eta Bilduren aldeko bozkekin eta LOHP, PSE-EE eta Marisa Zubiriren abstentzioarekin. PPk aurka bozkatu du.

Lasarte-Oriako Udalak ohiko udalbatzarra egin du arratsaldean. Lehenik Urnieta eta Irungo ITV-etako enpresa batzordeak aurkeztutako mozioa aztertu eta onartu da, PP eta zinegotzi ez adskribituaren abstentzioarekin.

Honen bitartez, enpresa batzordeak erakundeen babesa eskatu du eta bizi duten blokeo egoerari irtenbideari emateko pausoak eman ditzan eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. 

Honetaz gain, Bilduk aurkeztutako “emakumeen autonomiaren eta erabakitzeko eskubidearen defentsa” eskaera jorratuko du. PP-ko Gobernuak duen abortuaren aurreproiektuko legea gaitzestea, emakumearen ugalketarako autonomia eta eskubideak bermatzea eta herritarrei mobilizazioetan partehartzea eskatu die, batik bat.

Gai honek Bildu, PSE-EE eta zinegotzi ez adskribatuaren oniritzia izan du. PP-k aurka bozkatu du eta EAJ eta LOHP abstenitu dira.

Atxiloketak

Arestian aipatu legez, Euskal Preso Politikoen Kolektiboarentzat bitartekari lanak egiten dituzten hainbat pertsonen atxiloketaz mintzatu eta onartu da. Bilduk aurkeztutako mozioari Osoko zuzenketa egin eta testu berria aurkeztu du batzarrean, "beste alderdiekin integrazio lanketa bat egin ostean". 

Honetan atxiloketak gaur egun bizi den egoerari oztopo egiten diola adierazten da. Era berean, prozeduraren ebazpen judiziala lehenbailehen eskaintzea eskatzen da, baita euskal herritar guztien giza eskubide eta eskubide zibil eta politikoak errespetatzea ere. Eta herritarrei eta euskal gizarte osoari herritar horien eskubideen alde lanean jarrai dezatela gonbidatzen die, "denok egin behar baitugu lan bakea eraikitzeko eta irmotzeko".

Gai honen harira, PP-ko zinegotziak Vanesa Velezek salatu du berarekin ez dela testu hori adostu eta ez dagoela interesik PP hemen egoteko. 

Eztabaida baten ostean, galdera eta erreguen txanda izan dute alderdiek, baita Batzarrera hurbildu diren herritarrek ere.