Durangoren garaipena Beltzak Ostadar Gure Etxearen aurka

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urtarrilaren 14a

Lehengo larunbatean, Beltzak Ostadar Gure Etxea taldeko gazteek Durangoren aurka jokatu zuten partida. Partida arraro eta dinamikoa izan zen eta Durangok 45-25 garaitu zuen Zarautz eta Lasarte-Oriako gaztez osaturiko taldea.

Durango izan zen lehena entsegua lortzen eta horren ostean, baloiaren jabetza bereganatu zutela aipatu digute Beltzak-eko lagunek. “Ez ziguten utzi jokatzen eta ez genuen haien jokoa kontrolatzea lortu”.

Era honetara, Beltzak Ostadar Gure etxea 20 minututan haien jokoaren menpe egon zen eta 3 entsegu egin zituzten, 19-0.

24. minutuan Beltzak-eko gazteak arerioaren eremura iritsi ziren eta Unai Linazasorok lehen entsegua egin zuen. Orduan hasi zen Beltzak jokoan eta Pablo Diezek19-10ekoa jarri zuen markagailuan. Honi gainera Xalbat Amilibiak bi puntu gehitu zizkion, jaurtiketa atean sartzerakoan.

Erritmo handiko minutuak izan ziren orduan, Durangok beste entsegu bat egin zuen eta Unai Linazasorok ederki erantzun zuen. Atsedenaldian, 33 eta 17 zegoen markagailuan. “Lehen zatia oso interesgarria izan zen, zelai batetik bestera zihoan baloia eta Durangoko 8 zenbakiaren lana azpimarragarria izan zen” adierazi dute Beltzak-eko arduradunek.

Partidan geldialdia

Bigarren zatian hasi eta, 4. minutuan Xalbatek atera bota eta 3 puntu lortu zituen. Durangok ederki erantzun eta 38-20 jarri zuen. Gutxira Beltzak-eko Xabi Prietok entsegua egin zuen, baina Durango ez zen atzean geratu eta haiek ere marra gainditzea lortu zuten.

“Intentsitate handiko zatia zen, baina 17. minutuan jokoa geratu behar izan zen,” jakinarazi digute. Durangon larrialdi bat zela eta, Osakidetzako helikoptero bat lurreratu zen zelaian. 30 minutuz zain egon ziren taldeak eta epailea, baina azkenean partida bukatutzat eman behar izan zuten. Era honetara, Durangok 45 eta 25 irabazi zion Beltzak Ostadar Gure etxea taldeari.

Gipuzkoako selekzioa

Bestalde, Beltzak Ostadar eskolako kideek jakitera eman dutenez, Julen Cubreiro eta Jon Ibisate gazteak Gipuzkoako 14 urte azpiko selekzioko kide izango dira. Bi jokalari hauek federakuntzak deituta sailkapen saioetan izan ziren entrenatzen Gabonetan eta aste honetan, Gipuzkoako selekzioan parte hartuko dutela jakinarazi diete.