Triki-pintxo-pote berezia ostegunean

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urt. 14a, 11:04

Ostegun arratsaldean Gure Esku Dago Lasarte-Oriako lantaldeak triki-pintxo-poteo mundiala antolatu du. Okendo plazatik abiatuko da 19:00etan eta honetan parte hartzera deitzen dituzte herritarrak.

“Zer egin ez dakizula zabiltza? Bada, ez egin dudarik, datorren pintxo-potean, urtarrilak 16, edana, jana eta bertso andana!” Gure Esku Dago lantaldeak antolatutako bertso-triki-pintxo-poteo “mundiala” izango da herriko bertsolari eta trikitilariekin batera.

Taldeak azaldu duenez, hurbiltzen den orok izango du gai-jartzaile izateko aukera. Gai bakoitzaren truke 2 euro ordainduko da, eta ordainetan Gure Esku Dago-ko zapi “elegantea eskuratuko da”. Hain zuzen, Ekainaren 8an beharrezko izango den zapia.

Lantaldeak ostegun honetan, arratsaldeko 19:00etan Okendo plazatik hasita, “Edana, Jana eta Bertso Andana! " ekimenarekin bat egitea animatzen ditu herritarrak.

Gizakatea helburu

Gure Esku Dago Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika da, 2013ko ekainaren 8an hasi zen. Euskaldunon erabakitzearen eskubidearen alde herri aktibazioa eta atxikimendua lortzea du helburu. Dinamika anitza eta parte-hartzailea, tokian tokiko ekimenei aterkia eskainiz.

Ekimen nagusi  bezala Gure Esku Dago dinamikak ekainaren 8an  Durango eta Iruñea elkartuko dituen gizakatea gauzatu nahi du, 123 kilometroak 50.000 lagunek osatuko lukete. Hau posible izan dadin herriz-herri ekimenaren inguruko informazioa zabaldu eta lantaldeak sortzen joan dira. Horietako bat Lasarte-Orian. Lantalde honen zereginetako bat izango da herrian gizakatea sustatzeko ekintzak antolatzea besteak beste.