Usurbilgo Lanbide eskolan batu gara Joanes Maizarekin. Goiener enpresak eskolari esker eman zituen bere lehen pausoak eta bertan egiten dituzte haien batzar eta bilera nagusiak. Solasaldi interesgarria izan dugu. Besteak beste, energia berriztagarriak, energia erreforma eta azken asteetan argindar enkanteen inguruan sortutako zurrunbiloari buruz mintzo gara.
Nola sortu zen Goiener?
Duela hamar urte, Belgikan eredu bat ezagutu nuen. Milaka biztanle biltzen dira eta denen artean jartzen dute diru zorro bat eta horrekin argindar berriztagarrien proiektuak bideratzen dituzte. Izan daiteke, errota bat, haize edo ur errota bat, plaka fotoboltaikoak, biogasa edo dena delakoa. Ni bazkide naiz hango enpresa batean eta eredu hori ekarri nahi nuen hona.
Pixkanaka hemen pausoak ematen joan zinen...
Hamar urtetan egin nituen kontaktu eta eskolan bitartez ezagutzen nuen profesional talde bat batu, 30 lagun hasi ginen, tartean ingeniariak, ekonomistak, informatikoak, arkitektoak, ingurumen teknikariak... Denok sentsibilitate bera genuen, argindar berriztagarriengan. 2012ko otsailean hasi ginen, justu Gobernuak primak kendu zizkien energia berriztagarriei, bagenekien ez zela erraza izango eta geroztik etorri dira hainbat erreforma. Ekainean sortu zen kooperatiba eta abenduan erregistratu genuen. Gainera, Usurbilgo Lanbide eskolako ikasle ohia naiz eta Patxi Vaquerizo eskolako zuzendariaren laguntza izan genuen. Azpiegitura utzi zigun.
Eta sariren bat ere lortu duzue...
2012an aurkeztu nuen proiektua lehiaketa batean eta kooperatiba oraindik sortu gabe zegoen. Baina Goierriko enpresa berrien lehiaketan proiektuen artean sariduna izan zen.
Inobasquek dio sozialki oso berritzailea dela proiektua, baina egia esanda Europan proiektu hau aspaldian ematen da. Aurrerakoiak gara Estatu mailan edo Euskal Herria mailan bultzatu nahi dugulako.
Nola aukeratu zintuzten lehendakari?
Ni izan nintzen lehenengo sustatzailea eta nik bilatu nituen gainontzeko pertsonak. Hamar urte neramatzan ideia honi bueltak ematen. Nire lantegian saiatu nintzen, ez nuen lortu baina bidea ereina zegoen eta azkenean ni ibili naiz jende guztiaren atzetik, Garapen Agentziarekin harremanetan... Hau guztia kudeatzen izan naiz eta horregatik, ni aukeratu ninduten.
Lan askorekin baina gustura nago. Erronka polita da, zaila baina gustura.
Zein da helburua?
Gure filosofoa beste kontsumo eredu batean datza. Ez dadila izan bakarrik energia berriztagarria kontsumitzen duguna, baizik eta aurrezpena bultzatu eta kontsumitzerako garaian eraginkorragoa izan. Hori da gure xedea.
Eta jendea batu al zaizue?
Iaz difusioa egiten hasi ginen herrietan hitzaldiak ematen, baina aurten web orrialde berriarekin benetako difusioa hasi genuen eta ondorioz, 1000 bat lagun gara orain. Europa mailan kooperatibek milaka lagun dituzte, beraz bide luzea dugu. Jendea gero eta sentsibilizatuagoa dago tarifa elektrikoarekin, ez daki ingurumenarekin, baina bai enpresa handien merkatua eta prezio gora beherekin jendea sentsibilizatua dago.
Energia komertzializatzen era hasi zarete dagoeneko, ezta?
200 faktura, argindarraren TUR tarifa, jada eginak daude eta beste 200 eskaera, hau da, aldaketa edo portabilidadea martxan dira. 1.033 bazkide gara, baina denek ez dute aukera argindarra komertzializatzeko.
Nola lortzen da energia?
Merkatu elektrikoa hiru zatitan banatzen da: sorkuntza, banaketa eta komertzializioa. Oso zaila da merkatu elektrikoa nola funtziona-tzen duen ulertzea. Baina azkenean lau handiek dituzte sorkuntza puntu gehienak kontrolatuta eta haiek kontrola-tzen dute poltsa, bai eskaera, baita eskaintza ere.
Guk argindarra erosten dugu merkatu elektrikoan, bertan dago eskaintza-eskarien legea eta merkatu horretan, esate baterako, guk eskaera berriztagarria bultzatu nahi dugu. Merkatu ekologiko batean tomate ekologikoak edo labeldunak erostea bezala da.
Eta nola sortzen da energia hori?
Sorkuntza izan daiteke ikatza, gasa, nuklearra edo eredu berriztagarrietakoa. Hauek dira urtegietako instalakun-tzak, ur saltoak, haize errotak, biomasa edo biogas instalakuntzak. Sortzaile bakoitzak ziurta-tzen du merkatuan zenbat ekoizten duen eta merkatuak eskura jartzen ditu energia berriztagarri kopuru horiek. Guk horietako batzuk erosten ditugu. Eta gainera aukeratu ditzakegu, Andoainen ur salto bat badago, guk hitzartu dezakegu sortzaile honekin, argindarra prezio batean erosiko dugula. Gero argindar guztia sarean nahasten da eta ezin da jakin zein argindar mota iristen den zure etxera, baina erosketarekin argindar mota bat edo bestea bultzatu dezakezu.
Energia berriztagarriak dira etorkizuna?
Aditu batzuek etorkizuna nahi baldin badugu energia berriztagarria izan behar duela diote. Kontsumitzen dugun energia portzentajearen barruan geroz eta gehiago energia berriztagarriak dira.
Zer gertatu da. Krisi honen ondorioz, argindar eskaera pila jaitsi da eta gero eta gas gutxiago behar da sistema mantentzeko. Horrek esan nahi du sarean sartzen den energia lehengo nuklearra dela eta gero berriztagarria. Hortaz, orokorrean edo sistemaren osotasunean energia berriztagarrien kontsumoa asko handitu da. Esate baterako, 2012 eta 2013 urte arteko negua oso haize-tsua eta euritsua izan zen eta historikoki ez da inoiz hainbeste energia berriztagarri kontsumitu, nuklearra, gasa eta ikatza baino gehiago. Gutxi gora behera %35-era iritsi da.
Zenbait herrialdeetan bide hori bultzatzen ari dira, Espainia mailan kontrako bidea hartzen ari da.
Estatuko erreforma energetikoaz ari zara?
Bai. Erreformak batez ere bi arazo konpondu nahi zituen, alde batetik defizit tarifarioa. Hau Estatuak elektrika handiekin eta bankuekin duen zorra da.
Duela lau legealdi, 16 urte, sortzen da. Aznar eta Ratok neurri elektoralista modura argindarraren prezioaren igoera etengo zutela esan eta martxan jarri zuten. Ondorioz, zorra garatu zen, Banketxeek diferentzia ordaintzen baitzuten. Gainera, interesak sortu ziren. Gaur egun, guztira 25 mila milioietara iristen da zorra.
Bestetik energia berriztagarrien aurkako kanpaina bat dago. Defizitaren arduradunak direla zabaltzen ari dira. Honela energetika handiek diote diru gehiegi bideratu dela energia berriztagarrien primentzako eta horren ondorioz, defizita sortu dela. Egia da espekulazioa egon zela energia fotoboltaikoaren inguruan. Baina horrek ez du esan nahi energia berriztagarriak txarrak direnik sistemarentzat. Guztiz kontrakoa tokian tokiko instalakuntzak garatuz bultzatzen dira tokiko enplegua eta enpresak. Estatuaren faktura urteko 50 mila milioiko eurotako da petrolio eta gasan eta %85eko menpekotasun energetikoa du. Erkidego mailan %95era igotzen da. Hortaz energia berriztagarriek tokian tokiko sortzen direnez faktura hori murrizten dute gasarekiko edo petrolioarekiko.
Zein eragin du erreformak?
Eragina izango du kontsumidoreen poltsikoan, bestetik argindar berriztagarriei zerga gehiago jarriko zaizkie, honen ondorioz amortizazio epeak asko luzatuko dira. Beraz, krisi garai honetan inor ez da honetan inbertitzera ausartuko. Enpresan, esate baterako, aurreratu behar dugun diru kopuruan du eragina. Argindarra erosterakoan aurreratu behar ditugu: erosten duguna, abala eta garraiatzeko peajeak. Kopuru hori bider bi edo hiru. Eta horrek arazoak sor ditzake enpresa txikietan, ez du eragin askorik handietan.
Duela urte batzuk autokontsumoa sustatu nahi izan zen eta laguntzak zeuden, gaur egun garestia da...
Ez baldin bazara erabat saretik deskonektatzen ez du merezi. Norberak kontsumitzeko instalakuntza jartzea oso garestia da. Ordaindu behar diren zergak, ateratzen duzun etekina baino handiagoak dira.
Bestetik, laguntzak baino motibazio diru-laguntzak eman ziren energia berriztagarriak erabiltzeko. Momentu hartan teknikoki garatu gabeko teknologia zen. Hau bultzatu eta Estatu mailan lanpostuak sortzeko modu bat izan zen, teknologia estatu mailakoa zelako.
Gainera, krisia baino lehenago adreilu eta azpiegitura bom-arekin argindar kontsumoa asko igo zen eta enpresa energetiko handiek gasarengatik egin zuten apustua. Ziklo konbinatu zentralak jarri zituzten eta gaur egun, krisiarekin argindarra eskaera jaitsi da, horiek geldirik daude eta ezin dituzte amortizatu. Horregatik, zabaltzen ari dira politika berriak primak ezabatu eta berriztagarriak eteteko eta gasaren aldeko apustua egiteko. Amortizazio horren zuloa guztien artean betetzeko.
Baina eredu energetikoa aldatzen doa. Enpresa handiek energia berriztagarriak gero eta gehiago eskaintzen dituzte?
Kopuruan bai. Baina aipatu legez, Estatu mailan gasaren alde egiten dute. Estatutik kanpo parke eolikoak, itsas energiak, plaka fotoboltaikoak edo eguzki instalakuntzak garatzen dituzte.
Energia berriztagarriei dagokionez, desberdintasun handia dago Erkidego eta Estatuaren artean?
Enpresa oso lehiakorrak ditugu berriztagarrien atalean Erkidegoan eta Nafarroan. Baina asko ixten ari dira, batez ere Estatuan saltzen zutenek. Horiek ezin dute egoera jasan. Gamesa edo Accionari Nafarroan gertatzen zaie hori. Eta gero nazioartean lan egiten dutenak, kanpoan gehiago saltzen dute. Gamesa Txinan eraikitzen ari da planta edo Iberdrola, FCC... Biomasa galdarak, elektronika sistemak, haize errotak egiten dituzten enpresak... Estatu mailan kopurua txikia da.
Esan behar da duela hiru urte Katalunian kooperatiba bat sortu zela. Han bertako azpiegitura eta teknologia dute proiektua gauzatzeko. Ekoizteko garaian Erkidegoan atzeratu xamar gabiltza, sorkuntza kopuruan nahiko atzean gaude; teknologia aldetik, berriz, aurrerakoiak gara. Beraz bide luzea geratzen zaigu.
Zeintzuk dira gure baliabideak?
Euskal Herria mailan haize kopurua oso kaxkarra da eta eguzki ordu gutxiago dugu; Nafarroan berriz, haize eta eguzkia daude, beraz, baliabideak dituzte. Gure baliabidea ura da bai itsaso ura edo ibaietako ur saltoak dira. Etorkizuna itsasotik etorri behar da. Baina teknologia hori garatzeko dago. Lemoizen laborategi bat sortu behar da itsas energia prototipoak probatu eta garatzeko. Beraz, itsasoa da baliabiderik handiena, ondoren ibaiak eta basoak daude. Hondakin organikoak ere, organiko kopuru handia sortzen da eta aprobetxatu daiteke biogasa edo konposta sortzeko.