Eguerdian inauguratu dute Gotzon Huegun herritarrak landutako "Xenpelarren fruituak" eskultura-zuhaitza Errenteriako Foruen plazan. Gustura zen lasarteoriatarra egindako lanarekin. Bere proposamenak konkurtsoa irabazi zuela jakitean, azaroaren 15ean ekin zion bideari. Lan gogorra eta eskerga egin behar izan du urtarrilerako prest edukitzeko, baina egindakoaz harro agertu da Huegun.
Normalean harlanduzko eta egurrezko lanak egiten ditu Gotzon Huegun herritarrak, baina oraingo honetan corten altzairua erabili du: "Altzairuak denborarekin hartzen duen kolorea zuhaitz batek urte osoan hartzen duenaren oso antzekoa da eta gainera denborari eta eguraldi aldaketei bikain erantzuten die".
Huegunek adierazi du hasieran Xenpelar bera irudikatzeko ideia albo batera utzi eta bere ondarea islatzeko hautua egin zuela. Zuhaitz bat egitea bururatu zitzaion orduan, Xenpelarren lana eta uztaren erakusgarri.
Zentzu horretan, adierazi du haritza "euskal nortasuna" irudikatzen duen arbola dela eta era berean "baserriak" ere gogora ekartzen dituela zuhaitzak. Ez da ahaztu behar Xenpelar baserritarrak herrira joan behar izan zuela sosak atera eta bizimodua irabazteko.
Fruituak bertsoz jantzita
Izan ere, eskulturako fruitu bakoitza Xenpelarren bertsoz jantzita dago. Hautaketa egiteko, Andoni Egaña bertsolariaren laguntza izan zuen. Besteak beste, Pasaiako herritik, Iparragirre abila dela eta Betroi bati sortetatik hartutakoak izan dira bertso gehienak eta Ia guriak egin du bertsoak bereziki aukeratu dituztela gaineratu du Huegunek.
Xenpelar bere garaiko bertsolaririk handienetakoa izan zen, eta bere bertsoek gaur egunera arte iraun badute ez da kasualitatea izan.
Bertsolaritza dokumentuak agertzen diren unetik aurrerako bertsolari bikainenetako bat dela diote adituek.
Orain arte, ez du bere omenezko eskultura edo obrarik inon izan Xenpelarrek. Hemendik aurrera bai, eta lasarteoriatar baten sinadurarekin gainera.
Inaugurazioa
Gaur bertan aurkeztu dute Huegunen lana Errenterian. Eguerdi aldean, festa moduko bat egin dute eta ez da txistulari, dantzari eta bertsolaririk falta izan.
Besteak beste, Jon Maia eta Andoni Egaña bertsolariak edota Jose Ignazio Ansorena musikari ezaguna inaugurazio ekitaldian izan dira.
Gotzon Huegunek obraren inguruan hitz batzuk egin eta luntxarekin amaitu dute ekitaldi xumea Xenpelarren etxepean.