Igoera faseko lehen hiru puntuak

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urtarrilaren 12a

Gozogoak izan ohi dira izugarri sufrituta lortzen diren garaipenak. Zelaian dena emanda, xisko eginda partidak bukatu eta hiru puntuak zakuan dituzula aldageletarako bidea hartzea gauza handia da. Ba horixe egin dute Ostadarreko jubenilek. Etsi gabe eutsi. Ondo egindako lanaren emaitzak ikusi egiten dira berandu baino lehen.

Neurketa serioa, gogorra eta intentsitate handikoa jokatu zuten Ostadar eta Tolosako mutilek. Golik gabeko lehen zati lehiatu baten ostean, bigarren zatian erabaki zen partida.
65. minutuaren bueltan atzelarien baloi luzea Andonik hartu eta sakonean pasea eman zion Lopezi honek garaipenaren gola egin zezan.
Izugarri gustura zen Javi Solchaga entrenatzailea: "Gure helburua lehen bosten artean geratzea da eta horrela lan eginez gero ez genuke igoeratik aparte ibili behar".
Jubenilek aurreko asteburuan hasi zuten igoera fasea. Pasaiaren aurka jokatu zuten partidan 0 eta 1 galdu zuten.
Aurreko fasean taldeak bere multzoko lehen postua eskuratu zuen hamar partida irabazi, bat berdindu eta beste bat galdu eta gero.
Honetan, Burumendi, Antigua Luberri, Tolosa, Pasaia, Bergara, Astigarragako Mundarro, Santo Tomas Lizeo, Beti Ona eta Amara Berri izango ditu aurrez aurre. Taldeko bi lehenak Jubenilen Ohorezko mailara igoko dira. Oraingoz hurrengo astean Mutrikun duten partidan pentsatzen ari dira. Pausoz pauso.

Kopa 
Baina ez da jubenilen taldea bigarren fasean lehian dagoen bakarra. Izan ere, kopa txapelketa hasi baitute asteburu honetan beste hainbat taldeek.
Texas Lasartearra taldeko I. erregional eta jubenil mailako mutilak esate baterako, txapelketa honetan izango dira.  Erregionalak ederki ezagutzen duen fasea da, hainbat urteetan garaikurra eskuratu duelarik.  
Ostadarreko kadete mailako taldeak ere txapelketa honetan lehiatuko dira.

Partaidetza
Bestalde, Ostadar SKT-ko infantil txiki taldea partaide-tza lehiaketan ari da buru belarri. Fase honetan bere multzoko lehen postuan dago. Jokatu dituen lau partidak irabazi ditu eta asteburu honetan Urnietaren aurka jokatu du. Hiruna berdintzea lortu zuten larunbatean Ostadarreko txikitxoek.