Buruntzaldea IKT etxeko uretan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urt. 12a, 11:19

Hernani, Tolosaldea, Beasaingo Igartza, Usurbil, Ordizia eta Lasarte-Oriako Buruntzaldea IKT-ko 130 bat gaztek lehiatu zuten herriko txapelketan. Borja Apeztegia Buruntzaldea IKT-ko prestatzaileak adierazi zuen larunbateko froga nagusian, 400m libreetan, bere igerilariek emandako mailarekin "gustura" zegoela.

Harmailak igerilarien lagun eta senitartekoez beteta zirela, arratsaldeko 15:30etan hasi zen herriko igeriketa txapelketa. Ligako parte-hartze eta errendimenduko 3. jardunaldia zuten igerilari lasarteoriatar gazteek: "Ondo ibili dira, gure entrenamendu sistema normalari jarraiki egindako txapelketa izan da, ez dugu bereziki prestatu", esan zuen Borja Apeztegia Buruntzaldea IKT-ko entrenatzaileak. 

Txapelketa eguneko goiz hartan bertan entrenatu egin zuten herriko igerilariek. "Lan aerobikoa edo iraupen-erdikoa lantzen aritu gara, erritmoa hartzeko txapelketa izan da, denborei baino garrantzia handiagoa eman diet sentsazioei, baina aipagarria da gehienek euren markak hobetu dituztela, batez ere oso gustura nago 400m libreetan eman duten mailarekin", zioen Apeztegiak.

Norbanakoak aipatzen hasita, denboraldi handia egiten ari den Iñigo Ibarbururen izena bota zuen Apeztegiak, 200m eta 50m bizkar frogetan "indartsu" ikusi zuela adierazi du eta 400m libreetan ere parte-hartu zuen bere froga ez izan arren. Itsaso Tolosa ere pixkanaka-pixkanaka gorputzaldi onenera gerturatzen ari da, 200 estiloetan eta 200 tximeletan Espainiako gutxieneko denboren jira-bueltan ibili zen.

Gurasoei ere eskerrak eman zizkien antolakuntzan parte-hartu zutelako. Borondatezko lanean, speaker lanetan, kronometroetan, harmailak jarri eta jasotzen... Lan handia egin zutela onartu zuen Apeztegiak.

Vazquez Getxon

Igerileku laburra alde batera utzita, asteburuan ere izan da herriko beste igerilari bat lehian. Jone Vazquez infantilak distantzia luzeko txapelketa eduki baitu gaur, 2000m libre proban parte-hartu du Getxoko uretan.

Azkenik, epe laburrera dituzten helburuez galdetuta, Neguko denboraldi amaieran izango diren Espainia, Euskadi eta Gipuzkoako txapelketak aipatu ditu Borja Apeztegiak: "Entrenamenduak norabide egokian doazela uste dugu otsaila eta martxoan maila ona emateko, gero, Aste Santuan Panticosara joango gara stage bat egitera. Entrenatzeaz gain, talde sentimendua indartzeko erabiliko dugu egonaldia".