Okendo Zinema Taldeko arduradunek adierazi dutenez, saioak ostegunetik ostiralera pasatzeko arrazoi bakarra "jende gehiago" erakartzea da: "Probatu egin nahi dugu, azken aldian jende gutxi etortzen zen ostegunetako proiekzioetara eta aldaketa honekin jende gehixeago bilduko dugun itxaropena daukagu, baina ikusi beharko da", adierazi zuten Okendo Zinema Taldeko kideek Sandra Bullock eta George Clooney protagonista dituen Gravity filma hasi aurretik.
Atzo 50 bat lagun bildu ziren Manuel Lekuonako areto-nagusian, hala ere, eserleku asko hutsik ikus zitezkeen. Dena den, hainbatek eskertu zuen aldaketa, batetik, filmaren emanaldia ordu erdi atzeratzea postitibotzat hartu zuten, afaldu ostean lasaiago joan daitezkeelako zinemara (ostegunetan 21:30etan izaten ziren emanaldiak). Bestetik, ostegunetan modan jarri den pintxo-potearekin bat egiten ez duenez, gazteek aitortu zuten agian gehixeago animatuko direla.
OZT eta Lasarte-Oriako kultura sailaren eskutik, hamabostean behin herritarrek zinemaz gozatzeko aukera izango dute ostiraletan. Ikusgai izango diren ostiraletako hurrengo filmak hauexek: urtarrilaren 24an "Vivir es fácil", otsailaren 14an "De tal padre tal hijo" eta otsailaren 28an "Stockholm". Ostiraletako zine-forumerako sarrerak 4,70 euroko prezioa du, aurrez internetez erosiz gero 4,24koa. Hamar saiotarako bono bereziak 35,40 euro balio ditu.