I. BAI Topaketak antolatu dira

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urtarrilaren 10a

Lasarte-Oriako BAI plataformak I. Topaketak antolatu ditu. Urtarrila eta otsaila artean egingo dira jarduerak. Bakegintza eta elkarbizitza, hondakinen kudeaketa eta ekonomia eta enpleguadira jorratuko diren gaiak.

Estitxu Alkorta, Boris Nogales eta Natxo Izeta BAI, Bakea, Askatasuna eta Ikurriña plataformako kideek, besteak beste, gaur eguerdian I. BAI Topaketak aurkeztu dituzte Villa Mirentxun.

Agerraldian gogora ekarri dutenez, BAI plataforma 1979tik orain arte EAJ, EA eta Hamaikabat alderdietan aritutako zinegotzi abertzaleak osatutako taldea da. Egitasmoak “lasarteoriatar jendea abiaburu, bide eta helmuga” izanik, bi esparruetan lan egiteko konpromezua hartu zuen: herriko biktima oroitzen eta bake eta bizikidetza, tokiko ikuspegitik batetik berreraikitzen laguntzea eta “Udala, gizarte eragile eta enpresa ekintzaileak elkar-lanera ekar ditzakeen udalerri mailako lidergo ekimentsuagoa behar dela iritzita, auzolanean tinko aritzea”.

Bi helburu hauek ardatz izanik, I. Topaketak antolatu dituzte. Baina beste gai bat ere txertatu nahi izan dutela aipatu dute, zaborren kudeaketa. “Gipuzkoa osoan hika-mika eta eztabaida beroak piztu baditu ere, hartu diren azken erabakiek ez dute zaborren kudeaketaren auzia konpondu”.

Saioak

Topaketa hauetako jarduerak urtarrila eta otsailean zehar egingo dira Villa Mirentxun. Bizikidetzaren gaia urtarrilak 16, otsailak 6 eta 22an Imanol Lizarralde, Maribel Vaquero eta Patxi Meaberen eskutik hiru saioetan jorratuko da. Otsailaren 15ean, Zaborren kudeaketari buruz Josemari Puldain, Natxo Izeta eta Carlos Ormazabal arituko dira. Hauek guztiak hitzaldi irekiak izango dira.

Azkenik, otsailaren 26an, enplegua oinarritzat hartuta adituei zuzendutako foro bat antolatu da. Astean zeharreko saioak 19:00etatik 21:00etara izango dira eta larunbatetakoak, berriz, 10:30-13:30 artean egingo dira.