Okendo Zinema Taldeak bi ostegunetan behin udalaren kultura departamentuarekin batera antolatzen duen Zine Forum emanaldiei ”indar gehiago emateko asmotan eguna aldatzea erabaki da”, saio hauek ostiralera pasa-tzea, hain zuzen ere. Okendo taldeak urteetan egindako lanari esker, Lasarte-Oriako ZineForum saioak ikuslego finko batekin mantendu direla azpimarratu nahi izan dute kultura sailetik. Horrela azken urteetan hainbat izan dira esparru honetan egindako aldaketak.
2012tik aurrera, esaterako, Zine Forumeko emanaldia, filma, igandeetan errepikatzeko erabakia hartu zen. Emanaldi hau gehituz, herritar gehiagori herrian bertan zineaz gozatzeko aukera eskaini zitzaien.
2013ko azaroan, helduen saiorik ez zegoen igandeetan, ”programazio propioa jarriz lortu da Lasarte-Orian, igandero, helduen zine-saioa egotea, “Las Brujas de Zugarramurdi”, “MUD” edo “El Mayordomo” pelikulak ikusi ahal izan dira, besteak beste”.
Ostegunetik, ostiralera
Oraingoan, Okendo ZT eta kultura departamentuak osteguneko saioa ostiraletara pasatzea adostu dute, gaueko 22:00etara atzeratzearekin batera. Jakitera eman dutenez, ”ikuslegoarentzat erakargarriagoa izan daitekeelakoan” eta “ostiralero Manuel Lekuona kultur-etxean kultur ekitaldi bat egotera iristeko zorian egon gaitezkeelako, kultura-arloko beste programazioren batekin edota beste herri ba-tzuetako elkarteek antola ditzaketen ikuskizunekin batera”. ”Eskaintza zabala eta ona edukita”, herritarrak Manuel Lekuonara gerturatzea bilatzen du kultura sailak. Saio hauen lehenengo hi-tzordua, gaurkoa izango da. 22:00etan hasita, ”Gravity”, Sandra Bullock eta George Clooney aktoreak protagonista dituen film entzutetsua ikusteko aukera izango da.
Datozen hilabeteetako zine-kartelera aurreratu du kultura sailak bide batez. Gaur 22:00etan eta igandean 19:30ean ”Gravity”, urtarrilaren 19an ”Blue Jasmine” 19:30ean eta urtarrilaren 24ean 22:00etan eta 26an 19:30ean ”Vivir es fácil” . Otsailaren 2an berriz, 19:30etan ikusi ahal izango da berriki Goya sarietarako 11 izendapen jaso dituen Daniel Sánchez Arévalo zuzendariaren ”La gran familia española” filma. Otsailaren 9an 19:30ean ”Tres bodas de más” ikusi ahal izango da eta otsailaren 14 eta 16an ”De tal padre tal hijo” film japoniarraz gozatu ahalko da. Film honek Donostiako zinemaldian publikoaren saria eta Cannesen epaimahaiarena jaso zuen. Otsailaren 23an ”Sobran las palabras” eta otsailaren 28an ”Stockholm” filmak izango dira Manuel Lekuonan ikusgai.
2014ko salneurriak
Era berean, 2014rako udalak adostutako prezioak argitaratu ditu. Haur zinea atalean, 3,70 euro leihatilan erosita, internet bidez 3,18 euro eta 10 filmerako bonoak 25,30 eurotako kostua izango du. Helduen Zinea berriz, 5,90 euro leihatilan, internet bidez erosita 5,30 eta 10eko bonoa 45,50 euro. Ostiraletako Zine Forumerako sarrerak 4,70 euroko prezioa izango du, internet bidez hartuta 4,24 eta 10 saiorako bonoak 35,40 euro.
Haur Antzerkia saioetarako sarrera, berriz, 3,00 eurotan salduko dela jakitera eman du ere kultura sailak eta internet bidez hartuta 2,70 euro.