Atxiloketak salatzeko manifestazioa

maider-azurmendi 2014ko urtarrilaren 9a

Atzoko atxiloketak salatzeko manifestazioa egin da herriko kaleetan barrena. Lasarte-Oriako hainbat eragilek deituta Okendotik abiatu eta erdigunetik manifestazioa egin da "Konponbideari erasorik ez!" lemapean.

Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan bezala Lasarte-Orian hainbat eragilek deituta manifestazioa egin da atzo EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren Mintzaidetza Lanetarako Taldeko kideen atxiloketak salatzeko. "Konponbideari erasorik ez!" lelopean herriko erdigunetik egin da manifestazioa. Honetan ehun lagundik gora parte hartu du atzoko gertaerak salatzeko. Ibilbidean, Ertzaintza Kale Nagusian egon da.

Jose Luis Campos herrian bizi zen nahiz eta donostiarra izan eta Uistin kaleko etxebizitza miatzera ekarri zuten. Goizeko 3:30ak aldera atera zen etxebizitzatik eta ordurarte kalea itxita eduki zuen Guardia Zibilak.

Manifestazioaren bukaeran atxilotuen egoeraz azalpenak eman dira, "konfiantzazko abokatuekin daude eta komunikatuak". Aldi berean larunbatean Bilbon deitutako manifestazioan parte hartzeko arrazoi gehiago daudela esanaz, herritarrak honetan parte hartzera deitu nahi izan dituzte.