Jose Luis Camposen etxean miaketa

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urtarrilaren 8a

Jose Luis Campos bizi den Uistin kaleko etxea miatzen aritu zen Guardia Zibila goizeko 3:30ak arte. EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren Mintzaidetza Lanetarako Taldeko kidea da eta Bilbon beste abokatu batzuekin bileran zegoela atxilotu dute. Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak agindutako operazioa izan da bart bizitakoa.

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren Mintzaidetza Lanetarako Taldearen kontra, egin zuen bart operazioa Guardia Zibilak. Zortzi lagun atxilotu zituzten eta horietako bat da Jose Luis Campos. Abokatua Lasarte-Orian, Uistik kaleko 5.zenbakian bizi da ezagun batzuen etxean alokairuan. Bertan miaketa egitera etorri zen Guardia Zibila 17:20ean eta kalea itxi zuten. Bertara, informazio eske gerturatu zen Lasarte-Oriako alkatea Pablo Barrio etxeko jabeekin batera. 

Ikusmina handitzen joan zen arratsaldean zehar eta momentu batzuetan jende asko egon zen Uistinen. Atxilotua Bilbotik Hernanira eraman zuten lehenengo Jon Enparantzarekin batera bertan duten egoitzaren miaketan parte hartzera, hangoa bukatutzat eman zutenean Campos etxera ekarri zuten. Arratsalde osoan Guardia Zibila etxebizitza inguruan egon arren, atxilotua ekarri arte ez omen zuten etxea ireki, prezintatuta egon omen zen bera iritsi arte, 23:30ak pasatxo. Herritar batzuk atxilotuaren zain izan ziren eta hau iristean "atxilotuak askatu", "utzi bakean Euskal Herria" eta "aupa Jose!" oihuak entzun ahal izan ziren, batez ere atxilotuarekin elkartasuna adieraztekoak izan ziren gauean entzun zirenak. Abokatuaren etxean egon dira goizeko 3:30ak arte.

Ordu asko izan ziren Uistin kaleko 5. zenbakiko bizilagunentzat Guardia Zibilen kontrolpean. Euren etxeetara sartzeko indentifikazioa eskatzen zitzaien. Ordu horietan denetarik ikusi zen, esaterako bizilagun batzuk labe zahar bat zakarrontzian utzi nahi izan zuten eta adinduak izaki, Guardia Zibil batek lagundu zien zaborra uzteko lekuraino. Keinuak bertan bilduta zeuden herritarren harridura eragin zuen. Aipatu behar da Ertzaintza Guardia Zibilak itxita zuen Uistin kalearen inguruan ibili dela, Kutxa inguruan mantendu da operazioak iraun bitartean.

 Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak agindutako operazioa izan da.