Lasarte-Oriako I. 3x3 saskibaloi txapelketa, errepikatzeko modukoa

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urtarrilaren 4a

Itxura ederra hartu du egun osoan zehar Michelingo pilotalekuak. Baina kasu honetan jendetza ez da bildu pilota ikusteko, saskibaloiaz gozatzeko asmoz etorri dira ehunka lagun Lasarte-Oriaz gain Gipuzkoako beste hainbat txokotatik ere. Arrakasta handia izan du Ostadarrek antolatutako lehen 3x3 txapelketak. Errepikatzeko moduko aho-zaporea utzi du zentzu guztietan.

Antolakuntza ona, izena eman duten 57 taldeen kirol maila ona, adin eta sexu guztietako gazteak ariketa fisikoa egiten eta hori gutxi balitz, jendetza bildu da txapelketa ikusteko. Zerrenda horrekin laburbildu daiteke larunbat honetako giroa.

Txapelketa amaitzean sari-banaketa egin dute eta irabazleentzat garaikurraz gain, Gipuzkoa Basketen elastiko, jertxe, bufanda eta txandalak ere banatu ditu Ostadarrek. 

Jokatu den azken partida senior mailakoa izan da, azken segundura arte erabaki ez dena. Buscando a Nemo (Easoko jokalariz osatua) eta Ternera Loka (Askatuak-eko jokalariz osatua) nor baino nor aritu dira lehia estuan. Azken emaitza 16-17, Ternera Loka izan da Lasarte-Oriako I. 3x3 Saskibaloi txapelketaren historiara igaroko den taldea lehen garaile moduan. Askoz gehiago izan daitezela!

EMAITZAK:

Benjamin mutilak: Xoxoteko xaguak 6 - 7 Izarrak

Alebin mutilak: Saskiaxular 10 - 6 Maskor K.E.

Alebin neskak: Saski neskak 8 - 2 Saski Gupiak

Infantil mutilak: Euskolegak 0 - 11 Los Increibles

Infantil neskak: Basque Girls 11 - 7 Toki Guay

Kadete neskak: Ritxoletak 18 - 13 The Princesses 

Junior mutilak: Los Angeles Flyers 13 - 17 Txintxantxibiri

Junior neskak: Atletico Anie 8 - 11 Basketdolls

Senior mutilak: Ternera Loka 17 . 16 Buscando a Nemo

Hiruko jaurtiketen txapelketa: Jon Eizagirre