Atdedenaldira 0-0eko emaitzarekin iristeko asmoarekin zelairatu dira Ostadarreko mutilak, eustera, baina egindako zenbait akats edo erru txikik kondenatu dute talde urdin-beltza lehen 45 minutuetan. Aldageletarako bidea hartu dute markagailuak 0-3koa islatzen zuela.
Esan daiteke partida erabakita zegoela lehen zatia amaitzerako. Eta bigarren zatian beste lau jaso dituzte Ostadarreko mutilek. Herrikoen akats bakoitza gol aukera argia izan da Athleticentzat eta nahieran aritu da.
Neurketa amaituta triste antzean, baina lasai hitz egin du Fernando Bravo Ostadarreko entrenatzaileak: "Talde handia izan dugu gaur Michelinen, eta Athleticen aurka egindako erru bakoitza garesti ordaintzen duzu. Lehen zatian nola hala eustea zen gure asmoa, bigarren zatian aukeraren bat genuen ikusteko, baina ezin izan dugu ezer egin. Zelaian ez ezik, aulkian ere jokalari bikainak dituzte eta aldaketek min handia egin digute. Orain hurrengo neurketan pentsatzen hasi behar dugu, denboraldi txukuna egiten ari gara eta oro har".