Presoen hitzak Manuel Lekuonan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urt. 4a, 00:28

Herriko presoek Frantzia eta Espainiako zenbait kartzeletatik bidalitako hitzekin errezitaldia egin du Lasarte-Oriako presoen lagunak taldeak. Emozio handiko momentuak izan dira publikoarentzat. Ikusleen artean ziren askatu berri dituzten Txurdi, Ina, Mitxel eta Niko preso-ohiak.

Errezitaldia ekintzaz beterikoa izan da, erritmo askokoa. Izan ere, ez dira presoek bidalitako hitzekin irakurketa soil bat egitera mugatu. Antzerkiz, dantzaz edo musikaz jantzi dituzte hitzak eta eszenografia konplexuak gehitu dizkiete.

Makulu Ken eta Xumelaren akorde eta kantuek ireki dute errezitaldia Aitzol Iriondoren hitzei paso eman aurretik. Hainbat kontestutan girotutako antzerkiak egin dituzte Aitzolen hitzak ardatz hartuta. Besteak beste, parranda giroa, inkisizio garaiak edota aita-amak preso dituzten haurrak izan dituzte gogoan Iriondoren hitzek. Egoera horiek guztiak antzeztu egin ditu herritar talde batek.

Ostean Ibon Fernandez esklerosi anitzarekin larri gaixoturik dagoen presoaren hitzak entzun ditu Manuel Lekuonak. Ibonek zigor ziegan egindako 15 egunak antzeztu dituzte eta bertan ezagututako lagun senegaldarrarekin egindako harremana deskribatu dute. Lagun horren papera egiten Pablo Barrio herriko alkatea aritu da.

27 urte espetxean egin ondoren aske utzi dituzten herriko lau presoak gogoan izan dituzte Ane eta Maddi Labakak. Bertso pare bat eskaini dizkiete doinu goxoan, kartzeletako hotzak ahaztuarazteko modukoak. Azken bertsoa bereziki Txurdiri eskainia izan da.

Jarraian iritsi da errezitaldiko momentu hunkigarrienetako bat. Pello Eskisabelek kartzelatik bidalitako hitzak audio formatuan izan dira entzungai, eta espetxean ateratako zenbait argazki ere txertatu ditu bideo proiekzioan. Kartzelako egunerokoa nolakoa den azaldu eta egindako margolanak erakutsi dizkie herritarrei. Txalo zaparrada luzea jaso dute haren hitzek

Duela lau urte pasatxo Bateragune auzian atxilotua izan zen Rafa Diezen testua irakurtzen aritu da, besteak beste, Naike semea. Lanean jarraitzeko deia egin eta bake eta askatasuneranzko bidean itxaropena euskal jendartearengan jarri beharra dagoela nabarmendu du LABeko idazkari nagusi izanak.

Arnas pixka bat hartzeko, Ahuen taldeak kantu bat eskaini dio Manuel Lekuonako areto nagusian bildu den jendeari eta Iurgiren hitzekin jarraitu dute. Gutxi argitutako eskenatokian, bakartutako lau mahai eta Txalagoreren txalaparta soinuekin interpretatu dituzte Iurgi preso bilbotarraren hitzak. Momentu horretantxe bi kriseilu piztu dituzte errezitaldiko azken txanpa osatzeko.

Dantzatuz amaitu dute errezitaldia. Preso eta iheslarien izenak atzean zituztela, Agurra, Soka-dantza eta Agintarien dantza egin dituzte. Manuel Lekuonako ikuslegoak zutik agurtu ditu errezitaldian parte-hartu duten herritarrak.

Elkartasun Eguberrietako azken ekitaldia amaituta, Urtarrilaren 11n Bilboko kaleak betetzeko deia egin du Lasarte-Oriako presoen lagunak taldeak.

Errezitaldiko argazki-galeria: http://txintxarri.info/galeria/571/