Beranduxeago, erregeen laguntzaileak edo pajeak izan dira Ama Brigitarren komentuan eta Okendo plazan haurren eskutitzak jasotzen. Azken orduko gurariak bildu dituzte lehenbailehen Hiru Errege Magoei eramateko. Hainbat postontzi jarri dituzte komentu inguruan gaurko gaua iritsi aurretik nahi duenak eskutitza utzi dezan eta azkar dabilenak agian oraindik herrian bueltaka topa ditzake pajeak eskutitza eurei zuzenean emateko.
Arratsaldean kabalgata
Arratsaldeko 16:15etan Erregeek eta pajeek harrera egingo diete haurrei Ama Brigitarren komentuan arratsaldeko 17:30ak arte. Handik Oriara abiatuko dira urteroko kabalgatari ekiteko. Behin herriko kaleak zeharkatu eta Okendora iritsita, Lasarte-Oriako gaztetxoen eskutitz bat edo beste irakurri eta marrazki lehiaketaren sari banaketa egingo dute.