Ostadar SKT-ko antolatzaileek azaldu digutenez, Oendo plazan jokatu behar zen lehiaketa baina eguraldia iragarpena dela eta, "Kirol gunera eraman dugu" ekimena.
Maila desberdinetako 57 talde izango dira lehian. Beraz, zaletuek gozatzeko egun ederra. Antolatzaileek adierazi digutenez, 9:30 eta 13:30en artean junior maila arteko gaztetxoek jokatuko dute eta 15:00etatik 17:00etara senior mailakoek. Ostean, maila guztietako finalak izango dira.
Ostadar SKT-ko lagunek benjamin eta junior arteko taldeak goizeko 9:00etan kirol gunean egon behar dutela azpimarratu dute; seniorrak, aldiz, 14:30ean. "Aurkezten ez den taldeari galdutzat emango diogu partida".
Jaurtiketa hirukoitzak
Bestalde, jaurtiketa hirukoitzen txapelketa ere izango dela gogorarazten dute. Honetan egunean bertan izena eman ahalko durte interesatuek. Ordutegia oraindik zehazteke dute.
Honetaz gain, egun guztian zehar ezustekoak egongo direla jakitera eman dute, "zozketak, opari banaketa..."
Antolatzaileek herritarrak animatzen dituzte kirol gunera hurbildu eta saskibaloiaz gozatzera.