Oihan Corchero Gipuzkoako selekziora

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urtarrilaren 2a

Beltzak Ostadar errugbi eskolako lagunak ederki ari dira lanean. Hurrengo larunbatean Oihan Corchero gaztea Gipuzkoako selekzioarekin entrenatuko da. Bestalde, Gabonetako saskia ere banatu dute egun hauetan.

Oihan Corchero Beltzak Ostadar Gure Etxea taldeko kidea 18 urte azpiko Gipuzkoako selekzioarekin entrenatuko da urtarrilaren 4ean, larunbatean, Arrasaten.

Errugbi eskolako kideak pozik daude, berriro ere, taldeko kide batek deia jaso duelako, baita taldea pixkanaka errugbi munduan bere lekua egiten ari delako ere. 

Zozketako irabazlea

Bestalde, abenduaren 26an Beltzak Ostadar taldeak Gabonetako saskia eman zuen. Abenduaren 21eko ONCEko zenbakiaren azken lau digituekin bat zetorren txartelak irabazi zuen, 7857. Txartela Gure Etxea tabernan saldu zen eta zortekoak Berta Egitegi eta Iñaki Altuna izan ziren.

Beltzak Ostadar taldeak eskerrak eman nahi dizkie zozketa antolatu eta honetan parte hartu duten guztiei, batez ere, Electricidad Arregi, Olaizola sagardotegia, Ondo Jan haragiak, Larre Gain sagardotegia eta Balerdi harategia"guregan jarri duten konfiantzagatik".