Amaitu da Aniztasunaren Astea, nazioarteko bisitarekin

Txintxarri Aldizkaria 2013ko abenduaren 28a

Bukatu da ekintzaz beterikoa izan den Aniztasunaren Astea. Egun hauetan herrian ditugun kultura ezberdinetako musikaz, gastronomiaz eta produktuez gozatzeko aukera izan da Okendoko Karpan. Nazioarteko bisita batekin itxi dute astea.

Amaitu da Aniztasunaren Astea. Eta gaurkoan musika izan da protagonista. Goizean eliza ebangelikoaren emanaldiak eta Mikel Bermejo herritarraren bakarrizketak girotu dute karpa. Arratsaldean Xpressionk!-ek antolatuta kontzertu ezberdinez gozatzeko aukera izan dute herritarrek, tartean Makulu Ken herritarrenaz.

Ekitaldi xume bat egin dute ilunabarrean Okendon, Ixiar Arteagaren galderei erantzun diete Markel Ormazabal Aztiker enpresako kideak eta Gorka Lizarraga zinegotziak. Aniztasuna, worldkafea, herriko elkarteak eta bestelako ekimenei errepasoa emanda, elkarte ezberdinetako kideak igo dira taula gainera azken agurra emateko. Soka dantza batekin amaitu dute ekitaldia eta bide batez, baita Aniztasun Astea ere.

Basescu gurean

Aniztasunaren Astea borobiltzeko Traian Basescu Errumaniako presidentea eta Victoria Ponta haren emaztea izan dira Okendoko karpa bisitatzen gaur goizean Gabriel Armenteros Eusko Jaurlaritzako inmigrazio saileko zuzendariak gonbidatuta. Martin Garitano ahaldun nagusiak eta Pablo Barrio alkateak egin diete ongi-etorria eta herrian barrena paseo txiki bat eman ostean, Basescuk esan du Lasarte-Oriak "eredu" izan beharra daukala kultura eta jatorri ezberdinetako jendearen topaleku izaten asmatu duelako. 

Arrieskalleta elkartean egin dute bazkaria eta arratsalderako Bilbora joanak ziren Basescu eta Ponta Euskal Selekzioa eta Peruren arteko partida ikustera. San Mameseko palkoan izango dira Eusko Jaurlaritzak gonbidatuta, Errumaniako gobernuarekin harremanaetan hasi nahi baitute euskal erakundeek nazioarteko babesen bila Euskal selekzioen ofizialtasuna lortze bidean.