2013 urteari agur beroa emateko mendizale guztiei Buruntza mendira igotzeko gonbitea luzatu nahi izan die Ostadar Saiarren mendi atalak Ttakun Kultur Elkartearen laguntzarekin.
Ostadar S.K.T taldeak, mendirako zaletasuna sustatzeko asmotan, ahalegin polita plazaratu zuen iaz eta aurten errepikatzeko aukera izango da. Buruntza azpiko San Roke ermitaren ondoko aterpean bihar, abenduaren 31a goizez, elkarrekin mokadua egiteko gonbitea egiten dute. Urteari amaiera emateko ohitura berria sustatu nahi dute herriko mendizaleek. Lasarte-Oriatik Buruntza mendirako ibilbidea ordu eta erdikoa da; Azkortetik Buruntzara, aldiz, 20 minutu daudela diote antolatzaileek.
Herritarrei mendira igotzeko deia luzatzen diete eta bertan guztiontzako txorizo errea eta edaria egongo dela adierazi dute antolatzaileek. Goizeko 10etan izango da urteari bukaera emateko hitzordua. Animatu eta parte hartu!