Ikastaro eskaintza zabala

Txintxarri Aldizkaria 2013ko abenduaren 27a

Urtarriletik aurrera ikastaro eskaintza berria izango da kultur etxean. Ekaina bitartean coaching-a, oroimen tailerra, cupcake ikastaroa eta bollywood dantzak ikasi ahal izango dira besteak beste. Izena emateko epea urtarrilaren 2tik 14ra izango da. Bestalde Gaztelekuan ere ikastaro ezberdinak izango dira aukeran.

Manuel Lekuona kultur etxean urtarrilean hasi eta ekaina bitartean hainbat ikastaro egin ahal izango dira. Coaching-a adibidez, "gaitasun jakinak garatzeko teknika da, honek gure helburuak lortzera eramaten gaitu eta era berean gure benetako beharrak zeintzuk diren erakusten digu" azaltzen dute antolatzaileek.

Ekonomia ikastaroa egin ahal izango da ere, hau asteazkenetan izango da eta hastapen ikastaroa izango dela azpimarratzen dute antolatzaileek, "ikaslea ekonomia hizkuntzan, logikan trebatzea da helburua".

Bestalde, Streaching ikastaroa, luzaketetan oinarritzen den ariketa mota da eta edozein kirol edo ariketa fisiko egiten duten pertsonentzat ezinbestekoa da. Honen bitartez giharrak malgutu eta mugimendurako prestatzen dira. Dantza nahiago dutenek, Bollywood ikastaroa izango dute. Gorputza ez ezik, burua trebatu ahal izango da oroimen tailerrean.

Dekorazioa eta sukaldaritza nahiago dutenentzat, hain modan dauden cupcake pastelak egiten ikasi ahal izango da eta urban knitting delakoan trebatu. Azken honetan hiriko altzariak, zuhaitzak apaintzen ikasiko da artilea, haria edo ehun ezberdinak erabiliz. Ikasitakoa gainera herriko gune batean eramango dute ikasleek praktikara ikastaro amaieran.

Ikastaro guztiak arratsaldeko ordutegian egingo dira eta taldeetan erabiliko den hizkuntza, ikasleen euskararen ezagutzan oinarritutako metodologia baten arabera definituko da, euskara hutsez eskainiko diren tailerretan izan ezik.

Lasarte-Orian erroldatutakoek 53,80 euro ordainduko dituzte eta ez erroldatuek 101,20 euro. Izena emateko urtarrilaren 2tik 14ra egin beharko da kultur etxean bertan edota lasarte-oria.org webgunean.

Gaztelekuan ikastaroak

Gaztelekuan ere ikastaro ezberdinak antolatu dira. Datozen hiru hilabeteetan perkusdioa, zumba eta grafiti ikastaroak egin ahal izango dituzte gazteek 18:00etatik 20:00etara egingo dira lehenengo biak ostegunean eta azkena ostiraletan.

Horietaz gain, hilabeteko iraupena izango dute bizikleta konpontzen ikasteko tailerrak, argazkigintzak eta magia ikastaroak. Lehenengoa urtarrilak 23, 24, 30 eta 31ean izango da, bigarrena otsailak 4,11, 18, 25 eta hirugarrena, martxoak 6, 13, 20 eta 27an.

Egun bakarreko ikastaroa izango da Inauterietako makillajea otsailaren 27an egingo dena.

Ikastaro guzti hauek doan izango dira baina bertaratuko den jende kopurua zein izango den kalkulatzeko izena eman beharko da Gaztelekuko informazio bulegoan edo email bat bidali gazteinfo@lasarte-oria.org helbidera.