Nikaraguako sukaldaritza izan da protagonista goizean Aniztasunaren karpan. Honetan lehenengo txandan umeek eta bigarrenean helduek, Gallo Pinto plater tipikoa egiten ikasi dute. Bigarrenek herriko Ger Velasquez jatorri nikaraguarreko bizilagunaren argibideak izan dituzte Culinary Centerrean ikasten duten hiru sukaldarirekin batera.
Gallo pinto izan da prestatu duten platera, oinarrian arroza eta frijoleak nahasten dituen platera hain zuzen. Hau prestatzeko aipatutako frijole beltz edo gorriak, arroza eta tipola besterik ez dira behar horregatik erraza dela aipatu du Velasquezek behin baino gehiagotan, sekretua arroza eta frijoleak bere puntuan egitea da. Herritarrek adi-adi jarraitu dituzte argibide guztiak.
Arratsaldean 18:30etik aurrera nazioarteko pintxoak dastatzeko aukera izango da. Bihar eta larunbatean ere izango da zer ikasi, ikastaroetan parte hartzeko aurrez izena eman behar zen, biharkoan 10:00etatik 11:00etara txikiek sukaldaritza italiar ikastaroa egin ahal izango dute eta helduek Mexikoko jakiak prestatzen ikasiko dute. Larunbatean ordea, Afrikako sukaldaritzaren txanda izango da.
Bihar ere, 18:30etik 22:00ra nazioarteko pintxoak dastatzeko parada izango da honetan musika egongo da zuzenean eta larunbatean berriz, pintxoekin batera, egun honetan 12:00etatik 14:00etara, Mikel Bermejoren bakarrizketa egongo da.