Olentzero herrian

Txintxarri Aldizkaria 2013ko abenduaren 24a

Olentzero, Mari Domingi eta Xixukori harrera beroa egin zaie. Kalejira kiroldegi paretik atera da eta jendea bidetik gehitzen joan zaio. Aurten lehengoz karroza eder batean egin dute ibilbidea Olentzerok, Mari Domingik, Xixukok eta Porrotxek. Bertan lagun izan dute galtzagorri koadrila bihurria.

Arratsaldeko 17:00ak aldera iritsi da Olentzero Lasarte-Oriara. Olentzerorekin batera, Mari Domingi, Xixuko eta Porrotx. Pilotalekuan herritar ugari bildu da, haur, guraso, Amaraun klubeko, Gazte klubeko eta Kuadrillategiko lagunak, Dinbi-Banda batukadakoekin batera aritu dira Jalgunekoak. Amalur trikiti eta pandero eskolako lagunen doinuak izan dira ere kalejiran zehar.

Eguraldi txarra zela eta Kalejira Tajamarreraino egin da eta bertan buelta hartu  da frontoira itzultzeko. Aurtengo berrikuntza nagusia karroza ederra izan da. Bertan egin dute ibilbidea eguneko protagonistek eta galtzagorri koadrila bihurria.

Festa giroan frontoian elkartu da jendetza Olentzerori ongi etorria egitera. Xixukok postari ikasketak egin dituela kontatu die bertaratutakoei eta Olentzerok egindako lan onagatik saritu du, bere postari ofiziala izendatu eta poltsa bat oparitu dio aurrerantzean bere eskutitzak jaso ditzan.

Olentzero eta Xixuko umeen eskutitzak jasotzen jarri dira eta bitartean, Porrotx eta Mari Domingik “Maite zaitut” kanta dantzatu dute Galtzagorriekin. Jarraian Alboka abesbatzako kideek gabon kantak abestu dituzte ikusleen txaloen artean.

Eskutitzak

Haur askok ilara egin dute Olentzero edo Xixukori eskutitzak emateko. Batzuek Olentzero berari eman nahi izan diote baina beste batzuek euren eskutitza Xixuko ahatearen eskutan utzi nahi izan dute. Izan ere, Xixuko duela bi aste herriko eskoletan izan zen eta haur askoren laguna egin zen.

Txintxoak izan diren guztiek bihar zuhaitz azpian oparia izango dutela esan du Olentzerok. Ongi etorriaren argazki guztiak hemen bildu ditugu.