Horra, horra gure Olentzero...

Txintxarri Aldizkaria 2013ko abe. 24a, 12:58

Arratsaldean 17:00etan kalejiran, eguraldiak uzten badu, egingo zaie lehen harrera Olentzero, Mari Domingi eta Xixukori. Honetan ez da faltako Porrotx pailazoa. Harrera ostean Loidi Barrenen egingo zaio.

Olentzeroren bisita urduritasunez espero dute etxeko txiki eta helduek. Goizean goizetik herrian dabiltza baserritarrez jantzita ume eta gaztetxo asko. Hauetako batzuk koadrilan herriko denda zein taberna eta etxetara bisita egiten ari dira Gabon kantak abestuz.

Olentzero ateratzen lehenak Zabaleta auzoko bizilagunak izan dira. Haize bortitzari aurre eginez, auzotik atera dira Gabon kantak abestuz. Jarraian erdigunean Landaberri eskolako Olentzeroren txanda izan da. Ikasle, irakasle eta guraso talde handia elkartu da Okendon eta Amalur trikiti eta pandero eskolako umeen doinuekin herriko erdiguneko kaleetan barrena murgildu dira.

Arratsaldean

Erketzek 15:00etan hasiko du bere egoitzatik ibilbidea herriko baserrietatik eta Alboka abesbatza 17:00etan joango da Atsobakarrera abestera.

Arratsaldean ere,  izango da Olentzeroren etorrera. Iaz bezala Mari Domingi, Xixuko eta Porrotx lagunarekin etorriko da. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, 17:00etarako aurreikusitako kalejira egingo da eguraldiak uzten badu. Hori bai, 18:00etako ekitaldia, Loidi Barrenen egingo da eta bertan jasoko dituzte ere eskutitzak. Umeek Xixuko, Olentzero edota Mari Domingiri eman ahal izango dizkiete eskutitzak.

Olentzerok lan handia du gaurko gauean eta hau dela eta 20:00etan etxerantz abiatuko da opariak hartu eta Euskal Herriko etxeetara banatzeko.