Buruntzaldea IKT-ko neskak bikain Kluben arteko kopan

Txintxarri Aldizkaria 2013ko abenduaren 23a

Abenduaren 14 eta 15ean, Buruntzaldea IKT-ko infantil, junior eta absolutuak Zarautzen izan ziren Gipuzkoako Kluben Arteko Kopan lehian. Igeriketa taldeko neskek sailkapenean hirugarren postua lortu zuten eta igerilari guztiak bikain aritu ziren marka onak lortuz.

Gipuzkoako Kluben arteko kopan Buruntzaldea IKT-ko igerilariek “orokorrean txapelketa bikaina” egin zuten eta horregatik, Borja Apeztegia entrenatzaileak talde osoa zoriondu nahi du.

“Albisterik pozgarriena” nesken sailkapenean jazo zen. Apeztegiak azaldu digunez, bigarren jardunaldiaren ondoren laugarren postuan zeuden neskak. “Igandeko bi jardunaldietan, benetan gogotsu aritu ziren txapelketaren amaieran podium-ean egoteko. Eta baita lortu ere!!”. Eskuratutako emaitzei esker, podiumeko hirugarren mailan egon baitziren azkenean

Mutilak, berriz, ez ziren aurten podiumean egon. “Nahiz eta benetan gogor lehiatu eta marka onak lortu, proba guztiak betetzeko adina ez zirenez, puntu asko galdu beharrean izan ziren,” aipatu du entrenatzaileak. Hala ere, maila oso onean lehiatu ziren eta euren probetan lehendabiziko postuetan amaitu zutela jakitera eman digu, baita erreleboetan ere.

Marka pertsonalak

Era honetara, txapelketan zehar marka pertsonal asko hautsi zituztela adierazi du Borja Apeztegiak.

Nabarmentzekoak dira, Iñigo Ibarburuk 50 m. tximeleta eta 50 m. bizkar egindako marka pertsonalak.

Bestetik, “Mikel Esnal ere oso ondo aritu zen”. Batetik 50 m. tximeletako marka pertsonala hobetu eta eta 50 m. libreetan “25 segundutik behera behin baino gehiagotan igeri egiten ikusi genuen”.

Nahia Jie Villamediana, 100 m. bizkarren marka pertsonala ezartzeaz gain, Udarako Espainiako Txapelketarako marka gutxienekotik 71 ehunekotara geratu zen.

Espainiako Txapelketako marka gutxienekoetatik oso gertu geratu zen Ainara Garcia ere. Ainara 50 m., 100 m. eta 200 m. bular probetan “ikaragarri aritu zen”, orain bi asteko markak segundutan hobetu zituen.

Jon Ibargoyenek, aldiz, Gipuzkoako marka gutxienekoak lortu zituen 200 m. eta 400 m. libre probetan. Aurretik zuen 100 m. libreko gutxienekoarekin batera, errendimenduko ligan eta Gipuzkoako Txapelketan aritzeko txartela eskuratu zuen Jonek.

Enara Arruti ere Gipuzkoako gutxienekoetatik oso hurbil izan zen 50 m. bular eta 100 m. bular probetan.

Lehiaketaz lehiaketa

Bestalde, asteburu honetan hitzordu bikoitza izango dute Buruntzaldea IKTko igerilariek. Batetik, larunbatean Hernaniko Sarian izango dira eta bestetik, igandean Gabonetako Nazioarteko Sarian. Igeriketa taldeko lagunek markak hobetzen jarraitzea espero dute.