Txintxarri-k urriaren 1ean 20 urte bete zituen. Denbora azkar pasa dela irudituko zaizue askori baina 1993. urte hartatik 20 urte dira jada zuen etxeetan lehenengo alea, orduan hamabostekaria jaso zenutenetik.
Ibilbide luze honetan bidelagun izan zaituztegu eta opariak banatzeko garai honetan, guk ere gure aletxoa, txikia bada ere, jarri nahi dugu. Eskerrak emateko aitzakia bada ere, urte guzti hauetan jasotako babes eta laguntzagatik.
Zuen artean banatzeko ditugu Urtz taldearen azken diskoa, “Astiro“, Kaotikoren “E.H. Calling“ eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots herriko pailazoen “Bizipoza“. Hiru diskoen zozketa egin nahi dugu eta honetan parte hartzeko, zuen argazki bat bidali beharko duzue Txintxarri-rekin. Egungo mugikorrekin oso erraza izango zaizue, ez du kalitate bikaina izan behar argazkiak beraz alde horretatik ez arduratu behintzat. Egun hauetan gainera familia eta lagunekin elkartu ohi gara beraz, ziur argazki politak egiteko aukera bat baino gehiago izango duzuela. Hori bai, geroz eta argazki originalagoa egin, orduan eta aukera gehiago izango dituzue diskoetako bat eskuratzeko.
Hasi bidaltzen
Argazkiak gaurtik bidali ahal izango dituzue eta horretarako bide desberdinak jarri ditugu eskura, WhatsApp mezua 688 683 510 zenbakira bidali dezakezue, Twitter @txintxarrri edota Facebookeko orriaren bidez egin dezakezue. Gogoratu argazkiarekin batera kontakturako izen eta telefono edo email bat utzi beharko duzuela. Datu pertsonalak direla eta, hauek emateko hobe WhatsApp edota Twitterreko mezu pribatua erabiltzen baduzue.
Datozen egunetan argazki guztiak jasoko dira eta urtarrilaren 10eko alean sarituen izenak argitara emango ditugu. Jasotako argazki guztiekin album bat osatu eta interneten ikusgai jarriko dira. Animatu eta parte hartu etxeko txikiekin, aitona-amonekin, guraso, lehengusu, izeba-osaba, koadrilan, banaka...