Zer egiten du lasarteoriatar batek Toledon. Kontaiguzu ibilbidea pixka bat.
Hiru denboraldi eta erdiz CD Roquetas taldeko Idazkari Tekniko izan nintzen Almerian. Bertan igoera erdietsi eta 2.B mailan denboraldi txukuna osatu ostean kluba uzteko erabakia hartu nuen, Almerian osatutako zikloa amaitu nuela uste bainuen. Beste aukera batzuk begiratzen hasi nintzen, urtebete egin nuen langabezian eta bilera bat edo beste egin nuen hainbat talderekin. Horietako bat zen Toledo, gehien erakarri ninduen kluba. Erraza izan zen akordio batetara iritsi eta lanean hastea.
Kirol arloari dagokionez bikain doakizu. 2.B mailara igo zenuen Toledo. Zure presidenteak dio igoeraren errudun nagusienetakoa zu zeu zarela. Zerk erakarri zintuen kirol proiektu hartatik?
Fernando presidenteak estimu handitan nau eta horregatik esaten ditu halakoak. Momentu zailak bizi izan ditugu klubean elkarrekin, baina baita momentu gozoak ere. Elkarrekin igo genuen Toledo 2.B mailara eta proiektu berri bat hasi genuen. Baina toledoar familia osatzen dugun guztiok jarri genuen aletxoa. Halere meritu guztia zelaian jokatzen dutenena dela uste dut. Igandero zelaian duten guztia uzten dutenena. Klub honen historiak erakarri ninduen, probintziako hiriburu izateak eta presioa handia izateak ere bai. Maila pertsonal eta profesionalean hazten laguntzen didan orok erakartzen nau.
Zein da zure lana klubean? Zein zailtasuni egin behar diezu aurre?
Kategoria hauetan idazkari teknikoak denetarik egin beharra dauka, lehen taldeaz arduratu behar du, harrobiko taldeez ere bai, aurkariak aztertu behar ditu, ikuskatzaile lanak egin... Arazo asko edukitzen ditugu, baina ez dut uste kexatzeko eskubiderik daukagunik, pribilegiatu batzuk gara gustatzen zaigun horretan lan egin eta gainera hortatik bizi garelako.
Zein da zuen denboraldiko helburua? Hamaikako lehiakorra osatzea lortu duzue?
Helburua argi eta garbi daukagu. Taldea kategoria honetan finkatu eta hortik aurrera pixkanaka-pixkanaka urtez urte hazten joatea. Toledo bi jaitsiera eta bi igoera bizitzetik dator lau urtetan. Egoera hori ez da ona, ezin da errepikatu. Umiltasunez lan egin beharra daukagu eta partidaz partida pentsatu. Maiatzean ikusiko dugu noraino iristeko gai izan garen.
Egia esan talde polita dugula uste dut. Zorte handia izan dugu entrenatzailearekin, Imanol Idiakezek zuzenduko du Toledo eta etorkizun handiko prestatzailea dela uste dugu. Hortik aurrera, ilusio eta inplikazio handia zuten jokalariak batzen saiatu gara eta benetan uste dut lortu dugula.
Baina ibilbide hau guztia Lasarte-Orian hasi zen...
Ume nintzela futbolean ibiltzen nintzen Kotxerasen, baina berehala hasi nintzen Texas eta Michelinekin jokatzen. Zorte handia izan nuen Michelinen Mikel San Juan izan genuelako entrenatzaile eta futbolaz zekien guztia erakutsi zidan gazte nintzela. Handik aurrera, jubeniletan Jaenera joan nintzen, eta han debuta egin nuen 2.B mailan, 17 urterekin. Hurrengo urtean Atletico de Madrid taldeak fitxatu ninduen jubenilekin aritzeko eta hurrengo urtean harrobiko taldean aritu nintzen. Etapa hori amaituta Aranjuez, Touring, Barakaldo, Beasain, Talavera, Real Avilés eta Noveldan jokatu nuen, beti 2.B mailan.
Kirol ibilbideko azken urteetan 3. mailan aritu nin-tzen jokatzen. Merida, Linares, Motril, Mar Menor eta Roquetasen. Azken honetan zintzilikatu nituen botak, bulegoko lanean hasteko.
Nolako bizimodua egiten duzu Toledon? Hemengoarekiko oso ezberdina al da?
Egia esan Toledo oso herri erosoa da, ederra. Rakel nire emaztea eta Anne alaba oso pozik daude hirian, Toledoarrek ezin hobeto hartu gaituzte. Hiri bakoitzak bere errutina eta ohiturak ditu. Iparraldearekin alderatuta, egunerokoa oso ezberdina da hemen. Bizitzeko modu ezberdinak dira, baina liluragarriak biak.
Erlaziorik mantentzen al duzu Lasarte-Oriarekin?
Bai. Nire herria da, jaiolekua. Gainera haurtzaroa han igaro nuen, denbora asko daramat Lasarte-Oriatik at, baina faltan botatzen dut. Han dauzkat anaia, gurasoak, emaztearen familia eta lagunak. Ezin izaten dugu askotan joan, baina Gabonetan eta Udarako egun batzuetan eskapadatxo bat egiten saiatzen gara.
Noizbait itzultzea pentsatu duzu?
Gauza bat da gustatuko litzaidakeena eta beste bat gerta daitekeena. Azkenean gure lanaren menpe gaude. Nire herrian eta nire txikitako taldean lan egitea gustatuko li-tzaidake, bi Liga irabazita historia egiten ikusi nuen talde handi horretan.
Klub handiago batera iristeko desirarik baduzu?
Desira baino gehiago ilusioa daukat. Izugarri gustatzen zait nire lana eta dakidan era onenean egiten saiatzen naiz. Profesionalki hazten zaren heinean zure taldea kirol arloan ere hazten ari dela ikustea bezalako gauzarik ez dago.
Zein iritzi duzu futbolaren inguruan? Ez duzu uste futbola inguratzen duen guztia testuingurutik aterata dagoela?
Baliteke ala izatea, batez ere 1. Mailan. Gure mailetan dugun ordainsariarekin bizimodu normal bat aurrera ateratzea beste helbururik ez dugu izaten. Egia da talde handien fitxaketa eta mugimendu batzuk ulertezinak direla bizi dugun krisiarekin, baina egia da eurek kirol honi ere asko ematen diotela, mundu mailan hain ezagun egiten dutenak izar horiek izaten dira.