Lasarte-Orian bisita berezia izango da igandea arratsaldean, Errege Magoak. Ekialde Urrunetik datozen bisitari hauek ordu batzuk egingo dituzte gure herrian eta MEGABA elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu haiek ikusi ahal izateko. Berrikuntzarik handiena haurren harreran izango da, hau arratsaldeko 16:15etik 17:30era izango da Ama Brigitarren komentuan.
Era honetara, igande eguerdian, Ama Brigitarren komentuak erregeen postontziak jarriko dira eta laguntzaileek eskutitzak jasoko dituzte bertan eta plaza inguruetan.
Arratsaldean, aipatu legez, lehenik haurren harrera egingo da Ama Brigitarren komentuan.
Eta 18:30etik aurrera, Errege Magoen kabalgatak gure herria zeharkatuko du Oriatik Okendo plazara. Antolatzaileek jakin arazi dutenez, honetan hainbat herritarrek parte hartuko dute eta karroza berria ikusteko aukera izango da.
Behin Okendora iristean, Erregeek eskutitz batzuk irakurri eta Marrazki lehiaketako saria emango dute. Ostean bere bidea jarraituko dute eta gauean etxeetan opariak utziko dituzte.
Jantzi banaketa
Bestalde, MEGABA elkarteak gogorarazten du, kabalgatan parte hartuko duten herritarrek gaur arratsaldean jantziak jaso behar dituztela.
Jantziak arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara banatuko dira Danok Kide elkartearen egoitzan. Honetarako, izena emate orria erakutsi beharko dutela azpimarratu dute antolatzaileek.