"Minbizia gizakia sortu zenetik existitzen da"

Nerea Eizagirre 2013ko abe. 23a, 12:08

Aizea Morales-Kastresana gaztea Iruñeako Unibertsitatean ikerlari lana egiten du, minbizia gainditzeko tratamenduak aztertzen ditu. Duela hilabete batzuk, Lasarte-Orian izan zen, Zabaleta auzoan hain zuzen ere, eta minbizia eta gaur egungo tratamenduei buruzko hitzaldia eskaini zuen. Gaixotasun honi eta tratamenduei buruz gehiago jakiteko harekin solasaldia izan dugu.

Zer da minbizia? Nola eragiten du gure sistema inmunean? 

Zelulen zatiketa inkontrolatua dela eta sortzen den gaixotasuna da. 

Gizakiok existitu eta bizi ahal izateko beharrezkoa da gure gorputzeko zelulak zatitzea, zelula berriak sortzeko. Zatiketa hau oso ondo kontrolatua dago, baina deskontrolatzen denean etengabe erdibidetzen ari diren zelula multzo bat sor daiteke, hau da, tumore bat. 

Sistema inmuneak gure gorputzean dauden “gauza txarrak” akatzen ditu: birusak, bakteriak... baita zelula tumoralak ere. 

Sistema inmuneak zelula tumoralak akatu ezin dituenean, orduan minbizia dugula esaten dugu.

Zenbat minbizi klase daude? 

Minbizi klase ugari dago, gure gorputzean dagoen zelula mota bakoitzeko, minbizi klase bat existitzen da. 

Bestalde, 2 pertsonek nahiz eta minbizi klase bera eduki, beren zelula tumoralek eta sistema inmuneek ez dituzte zertan ezaugarri berberak izan behar eta minbiziak elkarren artean oso desberdinak izan daitezke. 

Horregatik, gaur egungo terapiek ez dute berdin funtzionatzen pertsona desberdinengan. 

Zer da metastasia?

Organo jakin batean sortu den tumorea gorputzeko beste atal batera hedatzen denean metastasia dagoela esaten dugu. Metastasia dagoenean, minbizia oso aurreratua dagoela da, agresiboagoa da eta baita zailagoa sendatzeko ere.

Zerk eragin dezake minbizia? Genetika, gaur egungo bizitza erritmoak, elikadurak...

Aditu batzuek diotenez, eboluzioaren truke ordaindu beharreko prezioa da. Izan ere, teoria neodarwinistaren arabera, eboluzioa geneen mutazioetan oinarritzen da. Mutazio horiek gen berriak sortarazten dituzte, eboluzionatzeko aukera emanez, baina minbizia ere eragin dezakete. 

Minbizia gizakia sortu zenetik existitzen da, baina azken mendean minbizi kasu kopurua asko igo da eta nire iritziz horrek gure bizimoduarekin zerikusia du. Globalizazioak ondorioak ekarri ditu: mundu osoko janariak kon-tsumitzeko aukera, toki jakin bateko gaixotasunak munduan zehar hedatzea, industrializazioak naturara askatzen dituen toxikoak, janaria prozesatu eta saltzeko formato berriak, estresa... gure geneak ez daude kanpoko faktore berri guzti horietara ohituak eta nire iritziz, minbiziaren garapenarekin zerikusi handia izan dezakete. 

Zertan datza zure ikerketak?

Nik minbizia gainditzeko tratamenduak ikertzen ditut. Laborategian egiten dut lan, zelulekin eta baita xaguekin ere. Minbizia eragiten diegu xaguei eta gero terapia desberdinak probatzen ditugu bi helbururekin: lehenengoa, xagua sendatzen den edo ez jakitea; eta bigarrena, nola sendatzen den jakitea, mekanismoa ezagutzea. 

Zer da inmunoterapia? 

Bere izenak dioen bezala, sistema inmunean oinarritzen den terapia da. 
Pertsona batek minbizia duenean, bere sistema inmunea “tontotua” balego bezala dago. Inmunoterapiak sistema inmunea “esnatu” eta sendo-tzen du minbiziaren aurka joan dadin. 
Helburua, gure sistema inmuneak zelula tumoralak akatzea da. Eta horretarako, sistema inmunea kontrolatzen duten proteinak “ikutzen” ditugu kontsola bateko botoiak balira bezala.

Ikerketa mailan dago oraindik?

Duela 20 urte hasi zen inmunoterapia laborategietan lantzen eta orain dela pare bat urte lehenengo antigorputz inmunoestimulantea komerzializatzen hasi zen, ipilimumab izenekoa. 

Antigorputzak, lehen aipatu ditugun botoi horiek ikutzeko erabiltzen ditugun tresnak dira. Ipilimumab melanoma metastasikoa tratatzeko gomendatua dago baina laister beste minbizia motetarako ere erabiltzen hasiko da.

Horretaz gain, inmunoterapian oinarrituriko beste antigorputzak ere laster kaleratuko dira, ensaiu klinikoetan (minbizia duten gaixoekin) emaitza oso onak izan baitituzte.

Gaur egun minbizia sendatzeko erabiltzen diren terapiekin zein desberdintasun ditu? 

Pertsonalizatuagoa eta zehatzagoa dela esaten da, norberaren sistema inmunea bultzatzen baitu. 

Sistema inmunea ejertzito inteligente bat da: badaki zein organotara joan eta zein zelula akatu, eta hori besterik ez du egingo, guk kanpotik instrukzioak eta armak ondo ematen badizkiogu (inmunoterapiarekin).

Radioterapia edo quimioterapiaren antzera bigarrengo mailako ondorioak izan ditzake? Edo ez du hainbesteko kalterik sortzen.

Kimioterapia bomba atomiko bat bezalakoa da: dena akatzen du, minbizia baita osasuntsu dauden zelulak ere.

Inmunoterapia zehatzagoa denez, bigarren mailako ondorioak ere desberdinak eta ahulagoak dira. 

Hala eta guztiz ere, ondorioak badira, oraindik gizakion sistema inmunea guztiz ondo ezagutzen ez dugulako. Horregatik inmunoterapian ikertzen jarraitzea garrantzitsua da, bigarren mailako ondorio hauek gutxitzeko eta efektu antitumorala gehiago bultzatzeko.

Minbizia sendatzeko erabili daiteke bakarrik?

Ez, kontrakorako ere erabil daiteke. 

Gaixotasun autoinmuneetan adibidez, minbiziaren kontrakoa gertatzen da: sistema inmunea oso aktibatua dago eta gure gorputzaren aurka doa. Kasu hauetan, inmunoterapia sistema inmunea lokartzeko erabil daiteke. 

Oso efektiboa da eta dagoeneko badaude inmunoterapian oinarrituriko medikamentuak gaixotasun autoinmuneetarako.