Idoia Cuesta ahal duen guztietan bueltatzen da Lasarte-Oriara. Zubi, opor, edozein aitzakiarekin familia eta lagunak ikustera etortzen da. 1992tik dago Galizian bizitzen, hain zuzen Lugoko Otero de Rey herrian bizi da “naturaz inguratuta”.
Itsas biologian tesia egiteko asmotan joan zen eta ikerkun-tzan denbora batean lan egin ondoren artisautzan sartu zen buru-belarri. Egun artisautza da bere ogibidea eta besteak beste, Cibeles pasarelan ikusi ahal izan dira bere lanak Sara Coleman diseinatzailearen esku. Zuntz naturalak erabiltzen ditu eta lehengaiaren garrantzia azpimarratzen du.
Nolatan iritsi zinen Galiziara?
Biologia ikasketak Leioan egin eta Itsas biologian doktoretza egiteko joan nintzen Galiziara. Tesia egin bitartean han ikerkuntzan lanean egoteko aukera izan nuen denbora batez baina ikusita ez zegoela esparru horretan jarraitzeko aukera askorik, hasi nintzen artisautzan formazioa jasotzen.
Zorte handia izan nuen urte horietan artisautza esparruan, ikastaro asko zeudelako Europak diruz lagunduta gehienak. Horiei esker lortu nuen lehenengo titulua edo, ”Carta de Artesano” deitzen dena, ehule bezala. Telaretan ikasi nuen tapizak egiten etab.
Ondoren, ehungailu bat ikasle pisu batean edukitzea zaila zenez, honen tamainagatik batez ere, hasi nintzen saskigintzan. Ehun zuntzekin lan egin beharrean, zuntz begetalekin lan egitera pasa nintzen.
Eskulanak betidanik gustuko izan al dituzu?
Bai, txikitatik asko gustatu zaizkit eskulanak. Institutuan nengoenean nire asmoa Arte Ederrak ikastea zen baina irakasle eta gurasoek beste ikasketa batzuk hautatzeko konbentzitu ninduten nolabait.
Hala ere, ez naiz damutzen biologia ikasi izanaz. Ikasketa horiei esker ditudan ezagutza asko aplikatzen ditut egun egiten ditudan lanetan. Esaterako botanika esparruan ikasitakoa, landareen erabilera etab.
Itsasoarekin harremana ere badute nire lanek, bildumen izenetan edota formetan saia-tzen naiz islatzen.
Batez ere saskigintzan aritzen zara. Zein material erabiltzen duzu hauek egiteko?
Mota guztietako zuntz begetalekin lan egiten dut mimbrea, anea, ezpata belarra... asko daude erabili daitezkeenak.
Hala ere, beti material berriak bilatzen saiatzen naiz ere. Berrerabilera lantzen dut kableak, plastikoak, papera birziklatzeko materialekin lan polita egiten ari naiz.
Zerk inspiratzen zaitu bilduma berriak osatzeko garaian?
Leihotik begiratu eta mendia ikusten dut, naturan asko inspiratzen naiz orokorrean.
Itsasoa faltan botatzen dut, forma eta bildumen izenetan ere itsasoari erreferentzia egiten diet.
Zenbat denbora behar duzu pieza bakoitzeko?
Pieza eta eskaeraren araberakoa da hori, ez dakit zehazki. Eskari bat bete behar dudanean batzuetan laguntza ere izaten dut, beste artisau batek laguntzen dit eskatutako kopuruei erantzun azkar xamarra eman ahal izateko.
Hala ere, beste garai batzuetan lasaiagoa da produkzioa eta aipatu behar dut, nire beste diru iturria ikastaroak direla.
Ikastaroak Galizian ematen dituzu?
Ikastaroak ez ditut soilik Galizian ematen, duela ez asko Santanderren izan nintzen, Madrilera joaten naiz..., batez ere saskigintza teknika tradizionalak erakusten ditut. Orain ere Marokora noa beka baten bitartez ikastaroak ematera.
Hamar urte daramatzat artisautzari dedikatuta. Lasarte-Oriara joaten naizenean esaten didate ea bertan ikastaroa noiz emango dudan.
Zure lan batzuk Cibeles moda pasarela entzutetsura iritsi dira.
Bai, hala da. Sala Coleman diseinatzailea jarri zen nirekin harremanetan. Berak nire lana ezagutzen zuen eta gustuko izateaz gain, bere diseinuen filosofiarekin bat zetozela zioen.
Horrela 2011 urtean akzesorio guztiak egin nituen berak aurkeztutako 2012 urterako udaberri eta uda sasoiko kolekziorako. Pieza horiek Madrilen eta Portugalen egindako erakusketetan erakutsi dira ondoren.
Nolakoa izan zen esperientzia?
Sormen produkzio berezia izan zen Sararekin egin nuena, elkarlana oso polita izan zen, bakoitzaren ikuspuntuak lantzea oso aberasgarria.
Nire lanak Cibelesen ikustea pauso handia izan zen niretzat.
Beste elkarlanik egin al duzue?
Bai, diseinatzailea 'International Woolmark Prize 2013-2014' pasarelan izan zen Italian eta finalista geratu zen. Honetarako ere berak diseinu bat prestatu zuen eta elkarrekin egin genuen artilezko pieza berezi bat.
Naturan inspiratu ginen, diseinu organikoa delakoa egiten du berak.
Landarei buruz, liburu bat kaleratu zenuen. Lehenengo aldia zen zuretzat?
“Guía de las plantas cesteables de Galicia“ izeneko liburua bai. Tesi bat egiteko beka eskuratu eta ikerketa egin nuen Galiziako saskigintzan erabiltzen diren landareei buruz. Oraindik unibertsitatean nenbilen.
Oso lan polita izan zen eta orain beste artisau batzuekin lan etnografiko bat egitea pentsatzen ari gara. Jaso nahiko genituzke zaharrenen ahotatik eskulangintzako hainbat esparruetan nola lan egiten zen Galizian, zein tresna erabili etab.
Teknika tradizionalak galtzeko arriskuan egon baino lehen, hauek denak jaso nahi ditugu. Izan ere, nahiz eta egun nik egiten dudan bezala, saski ez hain tradizionalak egin, zuntzak erabiltzen ditudalako etab, formazio eta teknika tradizionalak ezagutzea beharrezkoak dira.
Herrian izan al zara inoiz zure lanak erakusten?
Lasarte-Orian ez baina Euskal Herrian bai, harremana daukat euskal artisau elkarteekin.
Errenterian izan nintzen azkenekoz baina Donostian, Getxon, Durangoko azokarekin batera egiten den artisau azokan egonda nago ere.
Krisia nabaritzen al da artisau munduan?
Bai, nabaritzen da beste esparru guztietan bezala. Artisau azokentzat ez da momentu ona.
Honen aurrean artisau gehienak ari gara ahalik eta gehien zabaltzen gure merkatua.
Batetik kaleko artisau azoketan egotea ona da, jendearekin harreman zuzena duzu etab.
Bestalde interneteko salmentak ahalbidetzen dizu munduko edozein txokotara zure lana bidaltzea, azkenean garrantzitsuena zure produktuak ezagutzera ematea da. Nik webgunea martxan daukat eta Internet bidez enkarguak jasotzen ditut.
Bestalde, feria profesionalak delakoak daude. Nik garrantzia berezia ematen diot adibidez berriki Parisen egon naizen nazioarteko feria profesionalari. Bertan dekorazio munduko enpresa pila bildu zen eta aipatu bezala kontaktuak egin eta lehen enkarguak jaso ditut. Tendentzia guztiak han aurkezten dira eta oso garrantzitsua da. Oraintxe Italia, Japonia eta Suitzara lanak bidaltzen nabil.
Errenteriako artisau azokan kalitateari saria jaso zenuen. Sari gehiago jaso al dituzu?
Bai eta oso pozik hartu nuen Errenterikoa. Orokorrean asko zaintzen dut materiala, lehengaia eta hori saritzea benetan eskertu nuen.
Urte hauetan sari ezberdinak jaso ditut bereziki berrikuntza mailakoak, hau da, diseinu edo teknika berritzaileak erabil-tzeagatik, material hain ezberdinekin lan egiteagatik...
Halakoekin aitortuta ikusten dut nire lana eta gustura hartzen dira noski. Lanean jarraitzeko ilusioa mantentzen laguntzen dute eta hori momentu ez hain onetan asko eskertzen da.
Oraintxe zertan zabiltz?
Esan bezala Parisen lotutako enkarguak egiten ari naiz eta beste lan garrantzitsu bat egiten ari naiz ere. Azken honen inguruan ezin dut hitz egin baina oso pozik nago azken lanek izan duten arrakastarekin.