Orain hilabete batzuk ezagutu genuen Sobietar Batasunera gerratik ihesi bidalitako “gerrako haurra” zen Angel Belza herritarra. Belza umea zen Habana barkua hartu eta Errusiarako bidean jarri zutenean. Hain juxtu Rosario Galan itsasontzi hartan egon zen zaintzaile. Berak kontatu dizkigu han bizitakoak. Egun 101 urte ditu Rosariok eta Atsobar egoitzan bizi da.
Rosario Galan Bizkaian, Galdames herrian bizi zen. 21 urte zituen eta gogoratzen duenez, “boluntarioak eskatu zituen orduko jaurlaritzak Gerra Zibiletik umeak atera-tzeko asmoz Frantzia eta Sobietar Batasunera abiatuko zen itsasontzian umeekin joateko. Norbaitek nire izena eman zuen herrian eta deitu zidaten bidaia egiteko. Hantxe joan nintzen gehiegi pentsatu gabe. Nik orduan ez nuen ezer ezagutzen, ez nuen alderdi batean militatzen ez ezer”.
San Anton egunean
Santurtziko portutik irten ziren 1937. urteko ekainaren 13an “Paduako San Anton egunez. Ez dakit zergatik baina hortaz gogoratzen naiz”. Eusko Jaurlaritzak prestatutako bidaia zen haurrak gerratik babesteko asmoz, honetan, jaso denez, 4.500 ume abiatu ziren Frantzia eta Sobietar Batasunera. Beraiekin 75 laguntzaile ontziratu ziren, hauen artean gehienak irakasle eta medikuak. Haurren ardura hartu zuten bidaiak iraun bitartean.
Rosariok ez ditu inoiz ahaztu ume horien negarrak, bi eta hamalau urte bitarteko haurrak ziren guztiak “hasieran pentsatzen genuen gurasoengandik urruntzeagatik ari zirela negar egiten baina orduek aurrera egin ahala, konturatu ginen gosea zutela. Arratsaldeko hirurak izango ziren eta ez ziguten ezer eman bazkaltzeko”. Habana ontzi txikia zen hainbeste pertsona eramateko, bidaia ez zen batere erosoa izan eta zaintzaileek ezer gutxi egin zezaketen umeak lasaitzeko.
Baina berehala Habanak lehenengo geldialdia egin zuen Bordelen. Bertan jaitsi ziren 1.500 haur eta hainbat laguntzaile “Sobietar Batasunera bidea jarraitu behar genuenok barkuz aldatu ginen eta hor bai bapo eman ziguten jaten”. Nabarmen lasaitu ziren umeak, zaintzaileen harridurarako, tripa bete ostean eta bidaia eramangarriagoa izan zela gogoratzen du Rosariok.
Egun batzuk egin zituzten itsasoan eta Leningradora iristean, umeak leku ezberdinetara bidaltzeko taldeka banandu zituzten. “Zaintzaileoi esan ziguten bertan geratzeko aukera genuela, Bilbo faxistek hartu zuten gure bidaiak iraun bitartean eta etxera bueltatzea oso zaila eta arriskutsua izango zela esan ziguten han”. Hiru kidek Errusian geratzea erabaki zuten “beldurragatik edo izango zen” baina gainontzekoak bueltatu ziren “nik etxera itzuli nahi nuen, Galdamesera, ez nuen atzerrian geratu nahi. Egia da ere ez nintzela Bilbon bizi zen egoeraz guztiz ohartzen”.
Negrin sendia
Horrela Rosariok bueltako bidaia egin zuen itsasontzian baina Bilbo hartuta zegoen eta itsasontziak ezin zuen bertan sartu, “Frantzian utzi gintuen eta Kataluniara pasa ginen. Puigcerdara iritsi ginen eta han etxe desberdinetan hartu gintuzten”.
“Ramoni kidearekin batera egokitu zidaten etxe bat baina egun gutxi batzuetan bera gaixotu eta hil egin zen. Niretzako ikaragarria izan zen lagunaren galera. Bakarrik nengoen ezagutzen ez nuen leku batean eta nire nahi bakarra gurasoekin itzultzea zen”. Bere helburua lortzea zaila izango zela konturatzean egoera onartzea besterik ez zuela izan dio Rosariok. Kasualitatea izan zen baina Piugcerdan zegoen garai horretan Juan Negrin buruzagi errepublikar ezagunaren familia, emaztea eta seme-alabak eta “ni haien zerbitzura jarri ninduten”.
Negrinek bere emaztearekin hitz egin nahi zuenean “telefonoz deitzen zuenean batez ere” Galanek egiten zuen bitartekari lana eta egoera zaila izan arren, nahiko oroitzapen onak ditu denbora horretan Negrin familiarekin bizitakoaz. Ez zen denbora asko egon beraiekin, hauek Bartzelonara mugitu behar izan zuten eta bera Puigcerdan gelditu zen. Ordurako ezer gutxi zekien bere familiaren inguruan. Egoerak okerrera egin zuen nazionalek ingurua kontrolpean hartu zutenean eta ihesi Bartzelonara joan behar izan zuen. Han errepublikaren aldeko beste familia baten etxean hartu zuten. “Bartzelonan bai denbora eman nuen, hilabete batzuk izan ziren eta zorionez oso gustura egon nintzen familia harekin. Alaba bakarra zuten eta ondo hartu ninduten baina gerrak aurrera egin ahala, Bartzelona ere erori zen eskuindarren esku eta arrisku handia zegoenez, berriz ere ihes egitea egokitu zitzaion Galani.
Etxera itzulera
“Herrira itzultzera lortu nuen eta han aurkitu nuena gogoratzea bakarrik mina ematen dit”. Familiaren baserrira itzul-tzean, ama denbora bat lehenago hil zela esan zioten. Aita ordurako Barakaldora mugitu zuten “meategian egiten zuen lan aitak Altos Hornosentzat baina gerra tarteko, mehatzeko lanetik kendu eta Barakaldora, lantegiko eginkizunetan jarri zuten. Anaia ere aitarekin egiten zuen lan meategietan baina bera bai politikan buru belarri sartu zen. Ezkertiarra zen eta dinamitarekin esperientzia zuenez lan horretan aritu zen gerra garaian. Han-hemenka lehergailuak jartzen”. Hala ere, etxean lasai sentitzen zen Rosario eta inguruko baserrietako umeentzat eskola moduko bat sortzea otu zitzaion. Gerrak gogor jo zuen ingurua “eskasia zegoen”. “Baserri askotako umeak ez zituzten eskolara bidaltzen urruti egoteaz gain, txukun janzteko ezer ez zutelako. Egoera hori ikusita herriko tabernari bati eskatu nion gelatxo bat. Harek utzi zidan eta ume guzti horiek hartu eta irakurtzen eta idazten irakasteko lanetan jarri nintzen”. Tabernariaren bi alabak joaten ziren ere eskoletara, ahal zuen guztia irakasten zien Rosariok arratsaldeko saioetan.
“Egun batean izebak esan zidan zurrumurrua zegoela salatuko nindutela ume guzti horiei doktrina errusiarra erakusten ari nintzelako. Nik ez nekien zein zen doktrina hori baina antza, bazekiten itsasontziko bidai hartan lagundu nituela umeak Sobietar Batasunera eta hori zuten aitzakia besteak beste”. Salaketa saihestu nahian, gurasoekin hitz egin eta umeei katezismo bana erosteko eskatu zien Rosariok hori irakasten hasi eta jaunartzea egin zuten ume horietako gehienek bat izan ezik. “Herriko eskuindar eta apaizak zoriondu ninduten baserri haietako umeak fede katolikoan hezteagatik. Baina handik gutxira salaketa gauzatu eta espetxera eraman ninduten doktrina komunista erakusten nuelakoan”.
“Oso gogorra izan zen atxiloketa” hamar egun izan zuten Rosario Bilboko Larrinaga espetxeko ziega batean isolatuta, ez zuen inorekin hitz egiteko aukerarik izan “egun horiek pasata beste presoekin jarri ninduten eta han egin nituen bi urte, nire bizitzako urterik luzeenak”.
Egun batean, “uste dut ofizial batek azkenean nire istorioa sinistu zuela nolabait, hau da, nik ez nuela ezer txarrik egiten, eta egun batetik bestera “libertad atenuada“ delakoa eman zidaten”.
Makiei laguntza
Hala ere, Rosariok umeei eskolak emateaz gain, makiei laguntza eskaintzen zien tarteka. “Garai hartan makiak zeuden Galdames inguruko mendietan eta batzuetan laguntzen nien. Ez nuen gauza handirik egiten. Adibidez, pakete bat eman eta eskatzen zidaten nonbaiten uztea eta horrelakoak. Hala ere, parte hartze hau ez zen ezaguna izan, espetxean ere ez zidaten halakorik leporatu”.
Makiekin zuen harremanagatik, espetxetik atera ondoren, hauek Rosariori herritik ateratzea gomendatu zioten, haiek prestatu zuten Frantziarako ihesa.
“Hamabost egunero komisaldegira joan behar nuen sinatzera, ihes ez nuela egin ziurtatzeko kontrol modu bat zen. Hamabost egun horiek baliatuz, egun batetik bestera dena prest zegoela esan eta Frantziarako bidea hartu nuen. Zehazki Hernanira ekarri ninduten”. “Hernanitik abiatuta gau oso bat eman genuen menditik muga pasatzeko makien-tzat gida lanak egiten zituen inguruko baserritar batek lagunduta. Nirekin batera beste hiru gizon zihoazen ihesi”. Gau hura oso gogorra izan zela gogoratzen du Rosariok.
“Bidasoa ibaia pasatzeko gona altxatu arren busti egin nintzen eta tarteka sastraka artean ezkutatu behar izan genuenez, hotzak eta nekeak ia jasanezina bihurtu zuten bidea”. Azkenean mugaz beste aldean zegoen etxe batera sartu zituztenean “ez dut ondo gogoratzen erori edo bota egin nintzen baina nekearen eraginez, leher eginda lurrera erori nintzen”. Oraindik Rosariok bere buruari galdetzen dio nolatan hain gazte izanda ausardia izan zuen hura egiteko “ausardia ez da nahikoa, ez dakit nola agoantatu nuen”.
Parisen erbesteratua
Hendaian egun batzuk egin zituen Rosariok eta handik Parisera joan zen. Parisen maki haien ezagun batzuek hartu zuten eta kontaktuei esker lana bilatu zioten. “Josten nekien eta jostungintza tailer batean hasi nin-tzen lanean, bertako jabea madrildarra zen eta ni bezala ihes egindakoak hartzen zituen noizbehinka”. Hantxe pasa zituen berrogei urte inguru 1975. urtean bueltatu zen arte. Hasieran komisaldegian azaldu ez zenez, poliziak bere argazkia argitaratu zuen prentsan bila-tzen zutela esanez eta orrialde haiek bidaltzen zizkioten Parisera. “Niri grazia egiten zidan hura ikustea”.
Parisen ezagutu zuen senarra “mendian jendea pasatzen ibiltzen zen horietako bat zen bera eta Parisen ezagutu nuen. Han ezkondu ginen noski zibiletik”. Lasarte-Oriakoa zen bera eta posible izan zenean hona etorri ziren, hemen zuen senarrak familia guztia eta Bizkaian dagoeneko, anaia bakarrik zuen Rosariok.
“Parisen zoriontsuak izan ginen baina buruan beti zegoen herria, faltan botatzen genuen hau eta erbestetik asko sufritu genuen hemen gertatzen ari zenarekin”. Diktadura garaian ezinezkoa zen bikotearentzat muga pasatzea eta aita eta anaia joan zitzaizkion behin bisitan Parisera “aita zahar-zaharra ikusi nuen eta gaixoak bidaia egin zuen ni ikusteagatik. Soilik lau egun egon ziren eta distantzia horrekin bizitzen ikasi behar izan genuen”. Paris hiriburu polita dela kontatzen du Rosariok, “Frantsesa ikasi nuen berehala, beste erremediorik ez nuen”. Errepublika plazatik gertu bizi ziren bera eta senarra eta Maurice Chevalier garaiko aktore ezaguna bizilagun zutela oroitzen du irribarretsu. Hala ere, herrimina handia zen eta frankismoaren amaierarekin itzuli ziren Lasarte-Oriara.
Egindakoaz harro dago Rosario baina bere gaztaroa gerrak, espetxealdiak eta erbesteak markatu zuela dio penarekin, ama hil aurretik ez ikusteak markatu zuen bereziki. “Asko sufritu genuen, inoiz ikusi nahiko ez nituen gauzak ikusi eta bizitzea egokitu zitzaidan. Hori gaindituta, askotan pentsatzen dut nola den posible 101 urte bete eta 102rako bidean egotea”. Rosario Victoriano Vicuñaren emaztea zen, Vicuña herritarraren inguruan erreferentzia asko aurki daitezke bere militantzia politikoa erbestean ere jarraitu zuelako besteak beste. Beti senarraren itzalean aurkitu zen Rosario eta berarentzat gorde ditu urte luzetan Vicuña ezagutu aurretik egindakoak. Orain ordea, emakume ausarta eta indartsua izan zela aitortu nahi dio bere buruari. Atsobakarreko langileek ere hala nahi izan dute. Haiek entzun izan dituztelako azken urteetan Rosariok kontatutakoak.
Historia ezagutzera eman
Urteetan kazetari zein ikerlari askorekin mintzatu da baina ia beti senarraren inguruko informazioa eskatu diote. “Pentsatzen nuen nik bizitakoak bigarren mailakoak, edo hainbesteko garrantzia ez zutela baina ni ere izan nin-tzen, zorionez edo zoritxarrez pasarte askoren lekuko,” adierazi du. Gerrak etxe guztietan eragin zuen mina azpimarratzen du eta horrelakoak berriz ez gertatzeko funtsezkoa irudi-tzen zaio belaunaldi berriek ere orduan gertatutakoa ezagutzea “ez dakit zer erakusten den eskoletan baina irudipena daukat gazteek ezer gutxi dakitela gerra zibilaz eta bizi genuenaz” . Aldi berean gaiaren inguruan argitaratu diren hainbat gauza egi osoa kontatzen ez dutela dio haserre puntu batekin baina gezur edo egi erdi horiek zeintzuk diren argitzea ez da sartzen. Bere istorioa, Rosariorena, kontatzeko arazorik ez duela behin baino gehiagotan errepikatu digu baina beste batzuk tartean daudenean, gehiegi ez sakontzea erabaki eta hori errespetatzea eskatu du.