Igandean, “Nik ere erraustegia gelditu dut” lemapean ospakizuna antolatu du Gipuzkoa Zero Zabor erakundeak Usurbilen. Hamabi urte dira erraustegiaren proiektua sortu zela eta ordutik anitzak izan dira hori gelditzeko eman diren pausoak: herri mugimenduaren ekimenak, komunikazio kanpainak, bilketa selektiboan aurrerapausoak, bozketa herrikoiak… "Azkenean enpresariekin egindako akordio baten ondorioz gelditzea lortu dela ematen du, baina hau ez da erabat zuzena. Aurretik ekimen horiek guztiak eman izan ez balira, ezinezkoa izango zen puntu honetara iristea".
Baina "erraustegiaren proiektua hilik badago ere, Zubietako erraustegiaren mehatxua ez dago hilik. PIGRUG-en (Gipuzkoako Hondakinen Plan Integralean) erraustegiaren ‘beharra’ sartzea lortu zuten behin, eta hori hor idatzia dagoen bitartean mehatxua bizirik jarraituko du. Idatzi hori aldatzea ez da erraza izango, erraustegiarekin tematu ziren alderdiek ez baitute amore emateko zantzurik erakusten".
"Azkenean geratuko zaigun bakarra herritarron ekimenak izango dira". Igande honetan norabide horretan beste urrats bat emateko aukera dagoela diote Zero Zabot taldetik.
Ekintza egitarauari dagokionez, 9:00etan Mendi Martxa egingo da errauste planta eraiki asmo zuten lurretara Usurbilgo Mikel Laboa plazatik, Lasartetik ibilaldia 9:00etan aterako da Okendo plazatik, 9:30etan Zubietan Usurbildik datozenekin batu eta batera jarraitzeko. 11:00etan Zuhaitz landaketa Artzabalen. 11:15etatik aurrera Frontoian Porrotx, Apaxi ipuin kontalaria, Xalto eta Brinko pailazoak, Puzgarriak, Morau besteak beste. 13:00etan ekitaldi nagusia egingo da eta Mundumob eta Flashmoba dantzatuko dira. Goizean zehar Orioko tuntturruak, Sutegin ekimenen bideoak eta jan eta edateko aukera izango da.