Elkartasun hitzak

Txintxarri Aldizkaria 2013ko abenduaren 27a

Taldeak Gabonetan hainbat ekimen burutuko ditu "elkartasun eguberriak" lemapean. Honen baitan azken urteetan ohiko bihurtu den "Harresi guztien gainetik, sarraila guztien azpitik jasotako hitzak" errezitaldia egingo da urtarrilaren 3an. Taldeak Ibon Fernandez Iradi presoaren egoerak kezkatzen dituela azaldu dute bereziki.

Eguberrietan Presoen Lagunak taldeak gogoan izango ditu espetxean dauden herritarrak hainbat ekintzen bitartez. Gaur arratsaldean, urteko azken ostirala izanda,  20:00etan elkarretaratzea egin dute. Maindire zuria zintzilikatu eta “egun luzeak” kantuaren flash moba eskaini diete herriko presoei. Aurpegi zuridun koadrila batek barroteak eskutan hartuta antzerki txiki bat ere egin du.

Abenduaren 31ean asteartea, 19:00etan, manifestazioa egingo da herriko kaleetan barrena Okendotik hasita. Ondoren, maindirearen jasotzea eta brindisa egingo dira.

Errezitaldia
Urtarrilaren 3an, ostirala 19:00etan, “Harresi guztien gainetik, sarraila guztien azpitik jasotako hitzak” errezitaldia izango da Manuel Lekuona kultur-etxean. 

Antolatzaileek kontatu dutenez, “kaleko zein errezitaldiko soinu-hiyz-usainak jasoko dituen maindirea zabalduko da. Zergatik maindirea? Amagoiak auzoko maindireaz kontatzen duenarekin bat egin dugu”. 

Amagoia Mujikak Gara egunkarian argitaratutako testua hartu dute abiapuntu errezitaldia osatzeko. Honetan espetxera semeari maindire garbiak eramateak ama batentzat suposatzen duena kontatzen du. 

Errezitaldia presoen lagun eta senideen artetik sortua da eta aurten laugarren urtea izango du. “Espetxean daudenen herritar, lagun, senideen testuekin osatu dugu aurtengoa ere”. 

Taldeak azpimarratzen du urteen poderioz lagun eta senideek espetxeetara egin dituzten eta egiten dituzten kilometroak. “Asko dira egin ditugunak. Atera kontuak, Pello Eskisabel Clairvaux, Aitzol Iriondo Bois D´Arcyn, Juankar Balerdi Huelvan, Rafa Diéz El Dueso Kantabrian, Xanti Arrospide Alacanten, Jabi Gallaga Kordoban, Ibon Fernandez Lannemezan-en,” azpimarratu dute.

Ibonen egoera

Azken honen egoerak bereziki kezkatzen dituela diote. Ibon Fernandez esklerosi anizkoitza du eta espetxealdiak bere gaixotasuna areagotzen duela salatzen dute. 

“Iboni, kondenaren etetearen eskubidea aplikatzea nahi dugu. Eritasuna atxilo-aldiarekin bateraezina den preso guztiek duten eskubidea delako. Ibonek pairatzen duen esklerosi anizkoitza, eritasun degeneratiboa da eta estresa faktore larrigarria da. Eta presondegia estresa besterik ez da.  Horregatik baldintzapeko askatasun eskaera egina dauka. Tratu gizatiarra jasotzea eskatzen dugu, eri larri egoera izan dadila gailentzen den kriterio bakarra eta epaileek hartuko duten erabakia ez dadila arrazoi politiko errepresiboetan oinarritu”.

“Zoritxarrez oraindik bidaia luzeak egin behar ditugu. Egoeraren konponbidean dispertsioarekin amaitzeko pausoa ematen ez den bitartean”.

Egunerokoa ezagutu
Errezitaldia komunikazio ariketa dela diote. 

“Euren eskutik jasotako idatzien bidez, zer dioten, nola dauden eta zer aurkitzen duten egunerokoan ezagutzeko aukera ematen du”. 

Aurten , Europatik jasotako aginduak direla eta, iaz baino preso gutxiago daudela diote. “Baina egia da, egoerak ez duela hobera egin. Datu orokorrak: Urriaren bukaeran: 587 presoetatik 8 baino ez zeuden Euskal Herrian (%2). Eta senide, lagunek bidaia luzeak eta arriskutsuak egiten jarraitzen dugu”. 

“Presoen giza eskubideak errespetatzea nahi genuke. Herri honen bakerako bidean pausoak emateko ausardia gehiago nahi genuke” bukatzen du taldeak bere balorazioa. 
Herritarrak prestatutako ekintzetan parte hartzera  gonbidatzen dituzte.