Apaintzea beharrezkoa da?

Txintxarri Aldizkaria 2013ko abenduaren 23a

Gabonak iristearekin batera, herriko kaleek beste giro bat izan ohi dute. Argiak jende askok faltan bota ditu aurreko urteetan eta aurten gehiago daude Aterpeak merkatari eta ostalarien elkarteak gastuaren parte bat bere gain hartu duelako. Aldi berean hainbat denda eta tabernek euren itxura aldatzen dute Gabon giroan mulgildu nahirik. Bezeroei begira egiten den eta arrakasta duen galdetu nahi izan dugu.

Apaingarriak jarri dituzten hainbat dendetan galdetu dugu hauek duten garrantziaz. Ziur ez dakite eragina duen edo ez erosketan baina bezeroei eta herritarrei gustatzen zaiela argi dute denek.

Ramon Ormazabal 

“Eskaparatea urte osoan zaindu behar da ez orain, Gabonetan bakarrik. Herritarrek ikusten duten lehenengo gauza da eta polita eta erakargarria bada dendan sartzeko aukera gehiago daudela uste dut. Askotan erakusleihoak duen garrantziaz ahazten garela uste dut. Kaleetan argiak egotea funtsezkoa da ere. Aterpeatik ahalegin berezia egin da aurten Gabonetako argi gehiago jartzeko eta horretaz gain alfonbra gorri dotore bat eta koro bat banatu da bazkide guztien artean. Apaingarriek giro berezia sortzen dute eta giro horrek uste dut laguntzen duela kontsumitzeko orduan”. 

Mikel Arregi 

“Denda ohituraz apaintzen dugu, beti egin izan dugu eta gustatzen zaigu zerbait desberdina, polita jartzea Gabonetan. Bezeroek beti esaten dute apaingarriei buruz zerbait beraz pentsatzen dut beraiek ere gustura hartzen dituztela halakoak. Egia da jende asko geratzen dela begira eta akaso intereseko zerbait ikusten badute sartzen direla. Salmentan apaingarriek eragin zuzena duten ordea ez dakit”.  

Ana eta Naroa

Patxi Larrañagan gogotsu hartzen dute tartea denda guztia apaintzeko “urtero bazkari bat egiten dugu San Nikolas egunean eta harategia apaintzeko eguna izaten da hori. Aurten gauza gehiago egin nahi genituen, musika jarri dugu kanpoan eta denda barruan hainbat panpin eta apaingarri. Erakusleihoa txistorraz beteta dugu. Polita egiten du eta guretzako funtzio garrantzitsu bat betetzen du, lehortzeko daude hor zintzilik. Ia 2.000 kg txistorra egiten ditugu eta ez dugu lekurik. Bizi dugun garaian alaitasun pixkat behar dugula uste dut eta bezeroei gusta-tzen zaie”. 

Yolanda Alba

“Garrantzitsua da apaintzea, jendea gelditzen da begira eta bide batez duzun arropa ikusten du. Dendariak esfortzu txiki bat egin behar duela uste dut. Nik aurten hainbat panpin berri erosi ditut eta jartzen dudana zaintzea gustatzen zait. Bizi dugun krisi egoeran Gabon giro honek behintzat poztasuna ematen duela dirudi, kaleak, dendak, desberdin ikusten dituzu... behar dugu egunerokotasunetik pixkat atera”.