Gabonetarako egitarau oparoa antolatu du aurten ere udalak herriko hainbat elkarterekin batera. Eguberrietako Haur parkea, zinea, antzerkia... etxeko txikiek egun hauek ederki igarotzeko hamaika ekintza izango dituzte. Helduentzako ekintzak ere izango dira.
Haur parkea
Larunbatean Eguberrietako Haur Parkeak bere ateak ireki zituen Michelingo kirol gunean. Abenduaren 31 arte zabalik izango da Lasarte-Oriako haur eta gazteek ederki goza dezaten. Parkearen ordutegia 11:00etatik 14:00etara izango da eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara. Abenduaren 24ean goizez izango da bakarrik eta Eguberri egunean itxia egongo da. Kirol guneko pilotalekuako aforoa 250 pertsona eta karpa 100 pertsonetara mugatua dagoenez, goiz eta arratsaldeak ordu eta erdiko bi txandatan banatuko direla jakitera eman dute antolatzaileek.
Adin guztietarako guneak
Eguberrietako parke berezi honek lau gune ezberdin izango ditu aurten. Kirol guneko pilotalekuan 0-12 urte arteko haur eta gaztetxoentzat bi gune izango dira eta familientzako gunea ere izango. Bertan animazio puntua egongo da. 0-5 urte bitarteko haurrentzat ludoteka, bola piszina, mozorroak, puzgarriak, jokoak eta eskulanak izango dituzte. 6 eta 12 urteko gaztetxoek berriz, puzgarriak eta tailerrak, besteak beste birziklatutako materiala landuko dituzte, Eguberrietako apaingarriak edo globoflexia ere izango dira.
Era berean, tailer bereziak izango dira, abenduaren 26an Euskal Mitologia izango da gaia; 27an, Udala lantzen ari den aniztasun kulturalarekin loturiko munduko kulturak eta 28an, etxeko txikiek sukaldean bere lehen pausoak eman ahalko dituzte sukalde osasuntsua izeneko txokoan. Teniseko pistan berriz, 12-14 urte bitarteko gaztetxoentzako karpa erraldoi bat egongo da. Karpa klimatizatu honetan jokoa ezberdinak izango dira: futbolin erraldoiak, bideo jokoak, mahai jokoak,… Eta abentura gustuko dutenek, bueltak emateko Aerotrim eta Easy Roller zirkuitua dugu. Baina jolasez gain, bi ikuskizun ere izango dira. Abenduaren 26an arratsaldeko 19:00etan, “Eromena pistan“ dantza ikuskizuna izango da eta magiaz gozatzeko aukera ere izango da abenduaren 30ean, 13:00etan, “Hor doa magia ikuskizuna“ saioaren eskutik.
EHP Okendon
Aurtengo berrikuntzetako bat, kirol guneko mugak gainditu eta Eguberrietako parkeko nerabeen gunea Okendo plazara ekarriko dutela da. Gaur, abenduaren 23a, 11:00etatik 14:00etara, herriko gazteek besteak beste, F1 simuladorez, zezen mekaniko eta ohe elastikoaz gozatzeko aukera izango dute.
ASIDEL-entzat sarrera
Lasarte-Oriako Udalak herriko elkarteek Gabonetako parkeko sarrera eta taberna kudeatzeko deialdia egin zuen eta aurten ere, Lasarte-Oriako Langabetuen plataforma izango da kudeaketaren esku.
Udalak azaldu legez, modu horretan, “talde hauek herriarentzat burutzen duten lana baloratuaz eta kontutan hartuaz, helburua diru sarrera extra bat eskaintzea litzateke. Haien lana erraztuko lukeena eta eskaintza hobetzera eramateko aukera bat litzatekeela pentsatzen baitugu“.
Sarrerari dagokionez, herritar guztien eskura egon dadin nahi du Udalak, horregatik helduek euro 1eko sarrera ordaindu beharko dute eta haurren kasuan doakoa izango da parkera sartzea.
Irteerak
Bestalde Ttakun K.E.-ren eskutik, gaur Amaraun klubeko lagunek Mungiara doaz Olentzeroren etxea ezagutzera. Honetan, euskal mitologiako hainbat pertsonaia ezagutzeko aukera izango dute joko eta jolas dibertigarri bidez. Bihar, abenduaren 24ean, urtero legez, Olentzero eta Mari Dominigiri ongi etorria egingo zaie Okendo plazan Ttakunek antolatutako jaialdian. 17:00etan hasita, Loidi-Barreneko pilotalekutik kalejira egingo da eta 20:00ak bitartean iraungo du jaialdiak. Gazte klubeko lagunek, berriz, BEC-eko Eguberrietako Haur Parkera egingo dute txangoa urtarrilaren 3an, ostirala.
Ur festa
Ederki gozatzeko aukera izango dute ere, abenduaren 26an goizeko 10:00etatik 12:00etara kiroldegiko igerilekura hurbiltzen diren gazteek. Bertan parte hartu ahal izango dute 2001-2008 urteen bitartean jaiotako haurrek. Kiroldegiko arduradunek gogoratzen dute umeak bakarrik sartuko direla igerilekuan eta igeri egiten jakin behar dutela parte hartzaile guztiek. Behintzat olagarro maila eskatzen zaie umeei parte hartu ahal izateko. Bazkideek doan parte hartu ahal izango dute eta ez bazkideek 3,7euro ordaindu beharko dituzte.
Jaiotza Lehiaketa
Hau guztiaz gain, Danok Kide elkarteak antolatzen duen Jaiotzen Lehiaketako sari banaketa izango da abenduaren 29an, 12:00etan elkartearen egoitzan. Abenduaren 21ean amaitu zen jaiotzak aukezteko epea. Antolatzaileek gogoratu dutenez, lehiaketara aurkeztu diren lan guztiak San Pedro elizan daude ikusgai eta irabazleak, berriz, Muebles Azpeitian egongo dira.
Antzerkia eta zinema
Manuel Lekuona kultur etxean egun hauetan ere izango da zer ikusia. Abenduaren 26an eta 29an, “De óxido y hueso” filma ikusi ahalko da. Film frantses honek Urrezko Globoetarako hainbat izendapen jaso zituen eta 4 Cesar sari eskuratu zituen. Okendo Zinema taldeak abenduaren 26an eskainiko duen osteguneko saioa berezia izango da gainera. 25 urteren ostean, urtarriletik aurrera zinema saioa egunez aldatuko da, ostiralera.
Antzerkiari dagokionez, abenduaren 28an, 10:00etan, Lan eta Lan antzerki taldeak “Navidad en familia” lana eskainiko du. T. Wilder-en umorez, gozotasunez, magiaz betetakoa komedia atsegina eskainiko dute EPA-HHI-ko ikasle ohien antzerki taldeak. 3 belaunaldi dauden familia baten ikuspegitik Gabon gaueko afaria erakutsiko digute. Abenduaren 29, igandean arratsaldeko 17:00etan “Hansel eta Gretel” haurrentzako antzerkia eskainiko du Glu glu produkzioak. Grimm anaien ipuinean oinarritutako obra honen protagonistak diren Hansel eta Gretel basoan galduta ibili ondoren, txokolatezko etxea aurkituko dute. Bertan sorgin maltzurrak haurrak giltzapetuko ditu, beranduago jateko asmoz. Egokitzapen honek ohiko narrazioarekin bat egiteaz gain, gaur eguneko osagai eszenikoak eta musikalak eransten dizkio familia osoarentzako antzezlanari.
Erregeen harreran aldaketak
Urtarrilaren 5ean, berriz, Ekialde Urruneko Erregeak etorriko dira Lasarte-Oriara. Eta erregeen etorrera antolatzen duen MEGABA elkarteak aurten hainbat berrikuntza izango direla aurreratu du.
Aldaketarik handiena haurren harrera orduan eta lekuan izango da. Harrera arratsaldeko lehen orduan egingo da, 16:15 eta 17:45 bitartean, eta Ama Brigitarren komentuko kaperan izango da.
“Lekua egonkortu nahi dugu eta aproposa iruditu zi-tzaigun Ama Brigitarren kapera,” diote eta gurasoei gomendio bat egin diete, “ez dezatela azken momenturako utzi. Aurten ordu eta erdiko tartea dago”. Izan ere, komentuko ateak itxiko dituzte 17:45ean, “Erregeak prestatu eta Oria auzorantz joan behar dutelako”.
Kabagalta
Era honetara, 18:30ean, Oria auzotik hasiko da kabalgata eta honetan hiru erregeak ikusi eta goxokiak jasotzeaz gain, karroza berria ikusteko aukera izango dute herritarrek.
Era berean, baserritarrak, erregeen laguntzaileak, zuzi eramaileak eta Jalguneko lagunek parte hartuko dute desfilean. Urtero legez, geldialdi bat egingo dute Brigitarren komentuko jaiotzean eta ostean, bidearekin jarraituko dute, Hipodromo etorbide, Iñigo de Loyola eta Geltoki kaletik Okendo plazara iri-tsiko dira su artifizilen artean.
Eta bertan izango da aurtengo beste berrikuntzetako bat. Erregeek marrazki lehiaketako sari banaketa egingo baitute bertan.
Goizean ere presentzia
Baina arratsaldean erregeekin egon ezin duten haurrek 12:00etatik 13:00etara haien laguntzaileei edo Ama Brigitarren komentuan jarriko diren postontzietan utzi di-tzakete eskutitzak.
Eta MEGABAko lagunek aurreratu dutenez, Atsobakar Zahar egoitzeko lagunek Errege Magoen bisita ere izango dute.
Zuzi eramaileak
MEGABA elkarteak azpimarratu du, aurten ez dituztela hainbeste zuzi eramaile behar. Hala ere, abenduaren 26an, izena emateko aukera izango da. Arratsaldeko 17:00etatik 18:00etara iaz parte hartu zuten pertsonak inskribatu ahalko dira; 18:30etik 19:00etara, berriz, aurten lehenengoz parte hartu nahi duten herritarrek. Bertan eskainiko zaie informazio guztia eta haur eta gaztetxoen gurasoak ere hurbiltzea nahi dute, kabalgatako nondik norakoak ezagutzeko.