Eguberri eguna ate joka dugu. Bihar Gabon-gau eguna dugu eta etxeko txiki eta hain txikiak ez direnentzat, gozamenerako pertsonaia berezi bat sartuko da gure etxeetan, Olentzero eta opariz edo ikatzez beteko ditu etxeetako zuhaitz azpiak. Beraz txintxoak izan bi egun hauetan.
Baina bihar lotara eta afaltzera joan aurretik herriko txikiek Olentzero ikusteko aukera izango dute Ttakun K.E. antolatutako Harrera jaialdiari esker. Arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara Olentzero Lasarte-Orian izango da eta haurren eskutitz eta muxuak jasoko ditu Xixuko ahatea, Porrotx eta Mari Domingiren laguntzaz.
Desfilea
Lehenik, 17:00ak aldera, kalejira erraldoia izango da Loidi-Barreneko pilotalekutik abiatuta. Azken orduan haize bortitzak eman dituzte biharko beraz eguraldiaren arabera ikusiko da kalejira egin ahal izango den edo ez antolatzaileek esan bezala. Dena ondo bidean, Amalurreko Trikitilari eta Dinbi Banba batukada eta Jalguneko kideen erritmora, Olentzerok bere lagunekin ibilbidean dauden herriko haurrak agurtuko ditu. Kuadrillategi, Gazte Kluba Amaraun ludoteka eta ikastetxeetako gazteek parte hartuko dute kalejiran, nahi duten herritar guztiekin batera. Sorpresaz betetetako kalejira izango da.
Pertsonaia mitologikoak
Amaraun ludotekako haurrek kriseiluak eramango dituzte eta gainera, gabon kantuak eskainiko dituzte ibilbidean zehar. Hauetaz gain, kalejiran hainbat pertsonaia mitologiko ere izango da. Kontuz ez zaitezte haien bidean jarri! Gazte Klubeko gazteek, sorginez eta galtza gorriz argi-zuziekin argituko dute bidea. Akuilu-makuiludun sorginak eta Tartalo eta basandre beldurgarriak ere ikusteko aukera izango da. Hau guztiaz gain, Kuadrillategiko lagunek Dinbi Banda eta Jalguneko kideen erritmora dantzatuko dute ibilbide osoan zehar. Kalejirak ordu erdi bat iraungo du eta Okendo plazara iristerako haurrez beteta egotea espero du Olentzerok.
Xixuko eskoletan
Baina ez da soilik haurrez lepo egongo, hauek Xixukori emandako marrazkiak ere Okendo plaza apaintzen izango baitira. Aurreko zenbakian jaso genuen bezala, Xixuko ahatea abenduaren 12 eta 13an, herriko ikastetxeetan izan zen bisitan. Xixukok Lasarte-Oriako haurrei Olentzero berak haien izenean prestatutako eskutitza banatu zien eta hauek trukean ahateari marrazki koloretsu eta politak eman zizkioten Olentzerorentzat.
Emanaldia
Giro eta musika ez da faltako, Gabon kantak, emanladia, erromeria... izango dira Olentzerori harrera beroa egiteko. Harrera hau eguraldia dela eta Loidi-Barrenen egingo da.
Gainera, Alboka abesbatzako kideek ere kantatuko dute Olentzeroren ongi etorrian. Olentzero, Mari Domingi, Porrotx eta Xixuko oholtza gainera igo eta ezusteko ederra eskainiko du Xixukok. Olentzeroren lagunak bere ikasketak amaitu ditu eta postari titulua atera du. Beraz, hemendik aurrera haurrei Olentzeroren etorrera igartzeaz gain, Olentzerori haurren eskutitzak jasotzen lagunduko dio Gabon gauean. Era honetara, Olentzero eta Xixukok eskutitzak jasoko dituzte 18:15etatik aurrera. Bitartean jaiak ez du etenik izango. Izan ere, Amalur trikitixa eta pandero eskolako lagunek gabon doinuak eta dantzan jartzeko fandango eta arin-arinak eskainiko dituzte.
20:00ak aldera, Olentzerok agur esango die Okendoko haurrei. Izan ere, gau nekeza izango baitu. Mendira bueltatuko da haur guztien eskutitz eta ilusioekin. Azken orduko opari aldaketak egin, afaldu, guztia zakuetan antolatu eta bere astoaren laguntzaz etxe guztietan opariak banatuko ditu.
Egun osoan, gabon kantak
Baina gure herriko kaleetan Eguberri bezpera giroa goiz goizetik izango da. Izan ere, Lasarte-Oriako hainbat talde aterako dira herriko kale eta baserrietan gabon doinuak abestera.
Goizean, 10:00etatik aurrera, Antonio Blas plazatik irten eta auzoan, zein auzo inguruko baserrietan gabon kantak abestuko dituzte auzotarrek. Landaberri ikastolako ikasle eta gurasoak Amalur trikiti eta pandero eskolaren lagun-tzaz Olentzeroarekin kantuan 11:00etan aterako dira. Arratsaldean Alboka abesbatza ere Atsobakar zaharren egoitzan hasi eta herriko kaleetatik barrena ibiliko da kantuan. Bestalde, baserriz baserri kantatuko dute Erketz Euskal Dantza Taldekoek. Beraz jai giroa herriko etxe, baserri eta txoko guztietan zabalduko da egun osoan zehar.
Entseguak
Erketz EDT eta Zabaleta auzoko lagunek gaur, astelehena arratsaldean ahotsak prestatzeko entsegua egingo dute. Zabaleta auzoko lagunek 19:30ean dute hitzordua Antonio blas plazako lokalean.
Erketz EDT-k 20:00etan, Zumaburuko ikastolako lokalean du entsegua. Herritarrak gonbidatu nahi dituzte taldeekin batera gabon bezperako erronda egitera.