Okendo plazan jarri den karparen barnean artisauen, Aterpeako merkatarien eta kultur ezberdinetako elikagaien postuak izan dira Aniztasun Astearen baitan egingo den azokan. Guztira jarri diren 24 postu ezberdinetan loreak, zapatak, mertzeria, eztia, gazta, txokolatea, taloak, nikaraguako elikagaiak, bitxiak eta beste hamaika produktu erosteko aukera izan dute herritarrek. Merkatariek esandakoaren arabera, igande goizeko lehen orduetan jendeak azoka behatu du eguerditik aurrera gauzak erosten hasteko. Arratsalde erdirako balantze positiboa egina zuten oro har.
Azoka girotzen Banaiz Bagara elkarteko Banaiga Band aritu da. Bitxia eta era berean polita izan da txiletar bat, alemaniar bat, errumaniar bat eta senegaldar bat elkarrekin euskaraz abesten entzutea. Aita-Semeak, Ikusi Mendizaleak, Ilargia... euskal kantu ezagunez gain, errumanieraz, alemanieraz eta ingelesez ere kantatu dure.
Arratsaldean berriz, herriko elkarte ezberdinek Anitzen Sarea ekimenean bizitako esperientziak azaldu dizkiete herritarrei.
Azokako argazkiak: http://txintxarri.info/galeria/568/